NAFARROAREN EGOERI BURUZKO EZTABAIDA

EH Bilduko ebazpen-proposamenen defentsa

Maiorga Ramirez: “Egungo krisiaren kudeaketan hartzen diren erabakiekin etorkizuneko Nafarroa eraikiko da”

Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentariak koalizioak Nafarroaren egoerari buruzko eztabaidan aurkeztutako bost ebazpen proposamenak defendatu ditu gaur goizean egindako osoko bilkuran. Ebazpen-proposamen horien helburua “ezkerretik eta sozialdemokraziatik inor atzean utziko ez duen gizarte baten alde apustu egitea da, eta etorkizunak planteatzen dizkigun erronkei aurre egiteko egituraketa publiko eta estrategiko bat izateko beharra berrestea”.

Maiorga Ramirezek azaldu duenez, “krisi honetatik bi eratan atera gaitezke: bere baliabideak birbanatzen dituen gizarte bat bezala (non pertsona guztien eskubideak bermatzen diren eta pobrezia eta desberdintasun-kuotak moteldu); edo, zoritxarrez, gizarte desorekatuago bat bezala atera gaitezke (non estruktura publikoek hezkuntza, osasuna, arlo soziala eta kultura bezalako oinarrizko eskubideak ez dituzten bermatzen)”.

Horren harira, EH Bilduko parlamentariak esan du: “Gure ustez, une honetan perspektiba hartu behar da, zein une politiko eta historikotan gauden ikusi, eta nafarrek gizarte gisa zer erronka ditugun ikusi. Kontuan izan behar dugu krisi globalaren aurrean gaudela eta aldaketak etorriko direla. Aldaketa horiek guztiek gizarteko arlo gehienak aldatzeko aukera ekarriko dute. Eta aldatzeko aukera dagoenean, ideologiak azaltzen dira beti, eta aldaketak gerta daitezke indibidualismoa nagusi den gizarte baterantz edo kolektibitatea indartzen duen gizarte baterantz “.

“Hau da, gai asko aldatuko dira eta planteatu egin behar dira”, esan du. Ildo horretan, “askatasun eredua, robotizazioaren erronka, ingurumenarena eta eredu soziala” aipatu ditu. “Hori dela eta, jokoan dagoena etorkizun hurbilean eraikiko dugun gizarte eredua da. Beraz, egungo krisiaren kudeaketaren eta Europatik datozen baliabideen kudeaketaren inguruan hartzen diren erabakiekin etorkizuneko gizarte nafarra eraikiko dugu “, adierazi du.

EH Bilduren bost ebazpen-proposamenek osasuna, hezkuntza, ekonomia, bizikidetza, berdintasuna eta eskubide sozialak jorratzen dituzte. Maiorga Ramirezek azpimarratu duenez: “Guk osasun publikoaren eta hezkuntza publikoaren aldeko apustua egiten dugu. Gizarte ereduaren esparruan bizikidetzan sakontzea nahi dugu, konfrontazioak alde batera utzi eta gizarte hau osatzen duten pertsona eta kolektiboen bizipenak onartzen ikas dezagun”, esan du. Era berean, gizarte eredu zehatz bat defendatu du. Bertan kulturaren izaera estrategikoa, etxebizitza izateko eskubidea eta arlo ekonomikoan “hurbileko bideen” garrantzian ezinbestekoak izango direlarik. Azkenik, “eskubide berdintasuna” defendatu, “egun dagoen bermatutako errentaren aldaketa, enplegurik ez dagoen bitartean edo diru-sarrera ekonomikorik ez dagoen bitartean” mantentzeko.