Maiorga Ramirez EH Bilduko Parlamentariak gaur Nafarroako Parlamentuan ospatu den Osoko Bilkuran Nekazaritza Politika Erkideari buruzko interpelazioan hitz egin du eta Nafarroako nortasun propioari egokitutako akordioen beharra defendatu du bertan.
Maiorga Ramirezek gogorarazi duenez, “garapen jasangarria, hurbileko-kontsumoa eta ingurumenarekiko konpromisoa bezalako kontzeptuak abertzale, ezkertiar eta ekologisten hitzetan baino ez zeuden, gutxiengoan egondakoak urte askotan zehar… Orain hemiziklo guztiak onartzen du eta Europako erakundeetan gehiengoa dauka jarrera honek”.
“Nafarroak badu nortasun politikoa, historikoa eta demokratikoa, biztanleriaren gehienak hala nahiko lukeelako, Europarekin harreman zuzena izateko, eta ez espainiar estatuaren bidez. Eta hau mahai gainean jarri behar dugu”, esan du. Horrela Maiorga Ramirezek kritikatu du “Nafarroak bere jarrera” zehazten duela lehenengo “eta gero Madrilera joan behar duela subasta moduko bilera batetara gure nekazariak, abeltzainak eta nortasuna defendatzeko”.
“Gure berezitasunak defendatu behar ditugu eta honek ondorio positiboa izango luke nekazaritza, abeltzaintza eta ingurugiro arloetako helburuak beteko lituzketen politikak martxan jartzeko unean”.
Azkenik Maiorga Ramirezek azpimarratu du “mentalitate aldaketa bat” beharrezkoa dela. “Nafarroaren jarrera zehazteko prozesuak, pentsamolde aldaketa horren ondoren, elkarte ekologisten, hurbileko kontsumo arduratsuari lotutako erakunde eta enpresen eta talde parlamentario guztien parte-hartzea ere izan beharko luke “. “Asko dago egiteko eta benetako erronka lortzeko lan egin beharra dago”.