Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentariak, Nafarroako Gobernuari AHTaren PSISeko etxebizitza plangintzak berriro martxan jartzeko eskatzeko UPNk aurkeztu zuen mozioaren eztabaidan eta bozketan parte hartu zuen atzo. EH Bilduk kontrako botoa eman zuen, etxebizitza izateko eskubidea “ekuazio konplexuagoa” dela azalduz.
Maiorga Ramirezek esan zuenez, etxebizitza eskuratzeko eskubidearen aurrean “UPNren premisa 10.000 etxebizitza eraikitzea da”. Hala ere, EH Bildu haratago doa: “Guk proposatzen duguna da ekuazio konplexu horretan beste aldagai batzuk sartu behar direla, jasangarritasuna, gizarte-eredua, bultzatu nahi dugun kontsumo-eredua, baliabideak dauden eta gaizki kudeatuta dauden jakitea…”
Zentzu horretan, koalizioak “etxebizitza hutsen errolda eskatzen” denbora asko daramala gogorarazi zuen parlamentariak. “Azkenekoek 13.000 etxebizitza hutsik daudela diote. Eskatzaileak 10.000 badira, ez litzateke logikoagoa izango dagoeneko eraikita daudenekin etxebizitza bat izateko eskubidea herritarren esku jartzea? Jar ditzagun neurri fiskalak, kudeaketa neurriak… “, adierazi zuen.
“Nafarroan etxebizitza izateko eskubidea ahalbidetzeko zer baliabide ditugun jakitea eskatzen dugu”, adierazi zuen Maiorga Ramirezek. Horretarako, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela ikuspegi orokorra izatea, eta, beraz, foru parlamentariarentzat ezinbestekoa da, aipatutakoez gain, aurreikuspen demokratikoa edo despopulazioa bezalako gaiak aztertzea.