EH Bilduk 1.500.000 euroko partidak sartu ditu Nafarroako hurrengo aurrekontuetan kultur arloari dagokionez. Izan ere, gaur goizeko Batzordeak onartu egin ditu EH Bilduk kultur arloko aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa guztiak, 300.00 euro inguruko balioarekin, eta aurrekontu tramitean koalizioak sektore horretarako milioi bat euro baino gehiago sartu ditu.
Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentariak Batzordean onartutako zuzenketak defendatu ditu, eta horietako batzuen helburua nabarmendu ditu: Literatura Sortzeko Masterra, Geltoki proiektua, 1521eko Noaingo guduaren ospakizuna, Oteiza Museoa, Nafarroako Antzoki Sarea, Euskal Herriko Txistularien Elkartea eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroa.
Maiorga Ramirezek sektorearen premia larrienei erantzuteko milioi bat euro zuzentzearen garrantzia azpimarratu du. “Beti esan dugu, egungo krisiaren testuinguruan, beharrezkoa zela kultur sektorearentzat txoke-plan bat egitea, eta, horretarako, mozio bat aurkeztu genuen bere garaian, eta onartu egin zen. Baina, Nafarroako Gobernuari aurrekontua eman behar zaio eta horretarako milioi bat euro bideratzea proposatzen da”, azaldu du. “Pandemiak prekarietatean jarri du kultur sektorea, hartu diren neurriek okerragotu dute egoera eta jarduerak etetea ekarri du”.
Maiorga Ramirezek gogorarazi duenez, “Eskubide Kulturalen Legeak nafarrek kulturaren arloan duten eskubidea aitortzen du. Administrazioak baliabide berriak eskaini behar ditu hori posible egiteko”. “Zuzenketen bidez erakutsi da guretzat zein garrantzitsua den kultura”. “Kultura duintzeko prozesuan eragin nahi dugu, bere papera funtsezkoa baita gizartea hazteko”, ziurtatu du.