Ingurumenean kalterik eragiten ez duela esatea «iraina» eta «burla» dela salatu du Mikel Mintegi (EA) Arabako Ingurumen diputatuak
Ingurumenean kalterik egiten ez duela frogatu arte Langraiz Okako
(Araba) kartzela berriko lanak gelditu egin behar direla nabarmendu du
Mikel Mintegi Arabako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak. Aditzera
eman duenez, Espainiako Espetxe Erakundeek ez dute egin ingurumen
eraginari buruzko txostenik lanak hasi aurretik, eta, Mintegiren ustez,
txostena kontrakoa izango dela jakin badakitelako jokatu dute horrela.
«Espainiako Ingurumen Ministerioko teknikariak txostena egiten hasi
ziren, eta gelditzeko eskatu zieten», azaldu du. Hori lanak gelditzeko
aski motibo dela uste du Ingurumen diputatuak, eta Jose Javier Martinez
Langraiz Okako alkateari lanak gelditzeko eskatu dio gutun baten bidez.
Kartzela berria egiteko lanen hasieraren berri eman zuen
asteazkenean Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak,
eta lanek ingurumena «zintzo» errespetatzen dutela aurreratu zuen.
Mikel Mintegik baieztapen horiek «burla» eta «iraina» direla salatu
zuen atzo, Zaballako bolborategian egiten ari diren lanak kanpotik
ikusi ondoren atzo eguerdian. Besteak beste, kartzelak hartuko duen
eremuan EB Europako Batasunak babestutako 17 hektarea daudela
nabarmendu zuen Ingurumen diputatuak. Horretaz gain, Gasteizko
Mendietan Natur Parke bat egiteko egitasmoa aipatu zuen, eta Zaballako
bolborategia barnean hartuko lukeela. Mintegik kanpotik ikusi behar
izan zituen lanak, obretako arduradunak ez baitzion sartzen utzi.
«Egitasmo honekin gertatzen ari denaren erakusgarri da egoera»,
adierazi zuen ezezkoa jaso ostean. Salatu zuen Espainiako Gobernuak
lanak hasi dituela Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari ezer
ere esan gabe. «Egiten ari diren basakeria Aldundiari deitu ere egin
gabe egiten ari dira, arabarrak kontuan hartu gabe». Hori dela eta,
Espainiako Gobernuarekin biltzeko eskaera egin dute.
Lurralde planaren kontra
Ingurumenean eragin dezakeen kalteaz gain, egitasmoak beste
esparru batzuetako araudiak ere urratzen dituela uste du Mintegik.
Duela urtebete azaldu bezala, Arabako LPP Lurralde Plan Partzialaren
kontra doa, lanak dauden tokian ezin baita ezer eraiki LPPren arabera.
«Interes orokorreko egitasmoa den arren, kartzela eraiki nahi badute,
LPP delakoa aldatu behar dute; lanak hasi dituzte, baina oraindik ez
dute inolako aldaketarik egin».
Lotura: Albistea Berria egunkarian
Jatorria: EP/Jon Rejado/Berria