Gatazkak eta ezadostasunak konpontzeko bidea elkarrizketa dela uste dugu, baita kasu horretan ere
Maravillas Gaztetxea husteko erabakia eta goizean Iruñako Alde Zaharrean egin den operazioan Poliziaren biolentziaren erabilera erabat gaitzetsi ditu Eusko Alkartasunak. Gure ustez, ez da elkarrizketaren bidea agortu eta indarkeria erabili da.
Gazteriak biltzeko eta ekimen propioak burutzeko gune autogestionatuak behar dituela argi dago. Eta horixe izan da Maravillas Gaztetxea. Horregatik, ez dugu Nafarroako Gobernuaren jokaera ulertzen, inolaz ere beharrezkoa ez den haserre eta krispazio artifiziala baino ez baitu lortu.
Eusko Alkartasunatik biolentziaren edonolako erabileraren kontrako jarrera berresten dugu. Elkarrizketa da adostasun falta eta gatazkak konpontzeko zilegizko bide bakarra. Hori da beti esan duguna eta Gaztetxearen kasuan ere horixe da gure iritzia gaur. Aldaketaren erakundeek mezu hori gizarteari argi eta garbi helarazteko erronka dute eta gaur Nafarroako Gobernuak guztiz kontrakoa egin du, arazoa bakezaletasunetik heldu beharrean, gatazka xaxatuz. Horregatik, benetan txundituta eta oso kezkatuta gaude.
Ez gaude ados egin denaren formekin ezta mamiarekin ere. Alde batetik, gazteriaren beharrari entzungor egiten zaiolako, eta bestetik, indarra erabiltzeak elkarrizketa lurperatzea dakarrelako, justu beharrezkoen denean. Aldaketa politikoak herriaren ekimenari, aniztasunari eta Nafarroa eta Iruñako gizarte sektore ezberdinen behar eta eskaerei erantzuteko beste bide batzuk garatzea eskatzen du.
Horrela, eta egoera zaila dela ulertuta ere, alde guztiei eseri, hitz egin eta negoziatzeko deia egiten diegu. Eta Nafarroako Gobernuari elkarrizketa bideak agortu ditzan eskatzen diegu, irtenbide baketsu eta hitzartua lortzeko, inposizioa alboratuz eta kolektibo guztien eskaerak bideratzen saiatuta.