Ezker abertzaleak dagoeneko hautu politiko bat egin duela uste du EAko legebiltzarkideak, eta, ondorioz, Euskal Herria eszenatoki politiko berri baten atarian egon daitekeela
Martin Aranburu EAko legebiltzarkide eta Nazio Eztabaidaguneko kidearen iduriko, Euskal Herria eszenatoki politiko berri baten atarian egon daiteke. Hala agertu du gaur Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, eta, hain zuzen ere, Batasunaren inguruko ezker abertzaleak azkenaldian hartu duen norabidea aipatu du egoera berri hori sumatzeko aztarna gisa. ´Ezker abertzaleak hautu bat egina daukala uste dut, eta, ondorioz, beste eszenatoki batera igarotzeko atarian egon gaitezkeela´. Ibarretxeren Planari buruz ere aritu da Aranburu, eta esan du, EArentzako independentziarako bidea dela proposamen hori, eta hortik mugi ez dadin saiatuko direla.
Duela egun batzuk Begoña Errazti EAko presidenteak esan zuen beren alderdia izango zela Jaurlaritzaren Estatutu Proposamena (Ibarretxeren Plana) behar bezala gauza dadin bermatuk zuena. Adierazpen horren haritik, ea EAJrekin ez diren fidatzen galdetu diote Euskadi Irratian Martin Aranburu EAko legebiltzarkideari. Ez dela konfiantza edo mesfidantza kontu bat erantzun du Aranburuk, baizik eta alderdi bakoitzaren ideiei eta ildo politikoari lotutako auzi bat. ´Proposamena hiru alderdiz osatutako Gobernu baten kontua da, eta hiruko horretan, hiru planteamendu politiko desberdin daude. Guk oso garbi daukagu erakundeetan, eta horrenbestez, Jaurlaritzan parte hartzen dugula ildo ezkertiar eta burujabetzaren aldeko bat planteatzeko. Ildo horertatiik, oso argi daukagu Lehendakariaren Proposamena zertarako den baliagarria: independentziarako bidean sakontzeko; herri hau independentziaranzko eszenatoki batean jartzeko. Beste potentzialitaterik ez diogu ikusten proposamenari, eta saiatuko gara ez dadin bide horretatik mugitu. Gure apostu politikoa da proposamen hori independentzirako baliagarri izatea, eta hartatik ez dadin mugitu ahaleginduko gara´, adierazi du Aranburuk.
Horrez gain, Euskal Herria ´eszenatoki berri baten atarian´ egon daitekeela iritzio dio Aranburuk, eta Batasunaren inguruko ezker abertzaleak azkenaldian erakutsitako hainbat jarrera aipatu ditu hori argudiatzeko. Funtsean, EAko legebiltzarkideak uste du, ezker abertzaleak bide politikoen aldeko hautu sakon bat egina duela. ´Askotan espero izan dugu ezker abertzale osoak hautu politiko bat egitea, eta urrats definitibo bat egitea bide militarra alde batera utzi eta bide politiko hutsei eusteko. 98ko prozesuan denok uste genuen urrats hori egina zegoela, baina gero ikusi zen hainbat gora-behera tarteko, ez zela posible izan. Nik uste dut oraingoan benetan urrats horren atarian gaudela. Zinez uste dut ezker abertzaleak hautu politiko bat egina daukala, eta beste eszenatoki batera igarotzeko atarian egon gaitezkeela. Ulertu behar da zein den ezker abertzalearen erritmoa, zein diren erabakiak hartzeko behar dituen dinamikak eta tempus-ak, baina hautua egina dutela uste dut´, azpimarratu du.
Aranburuk agertu duenez, Nazio Eztabaidaguneko partehartzaile den heinean, argi eta garbi ikusten du erakunde horretako ezker abertzaleko ordezkariengan borondate hori. ´Nazio Eztabaidagunean, ezker abertzalea eta ezker abertzalearen ordezkari direnak, hautu politiko horren ondoriozko jarrera bat izaten ari dira´, esan du.
Une honetan, gatazka konpontzeko proposamen bat eta nazio eraikuntzarako beste bat ari dira lantzen Nazio Eztabaidagunean. EAko legebiltzarkideak azpimarratu du partehartzaile guztiek dakitela batzuentzat edo besteentzat asumitzeko moduko eskaera eta proposamenak zeintzuk diren, eta haiek baztertu eta batzen dituzten ardatzak lantzen saiatzen dira. Orain arte, hori aurrera eramatea posible izan dela azpimarratu du Aranburuk, eta espero duela, etorkizunera begira, apirilerako gatazkaren konponbidearen ingurukon zein naziogintzari buruzko proposamen adostu bana onartzea.
Jatorria: Martin Aranburu