Euskara eta Internet Azken hilabete hauetan asko hitz egin da Interneti
buruz; daukan garrantzia, arriskuak, delituak… Gai hauek guztiek bere garrantzia
daukate, baina funtsezko gai bati buruz hizkuntzei buruz, alegia hitz
egiteari uko egin zaio.
Zer-nolako eragina daukate teknologia berriek
arlo honetan? Errealitate bortitza daukagu parean, euskararen egoera ez baita
euskaldun guztiok desioko genukeena.
Interneten euskararen erabilera oso eskasa da,
hizkuntza ez normalizatuaren adierazgarria. Egoera honen errudunak ez dira enpresa
pribatuak, nahiz eta web-orrialdeak argitaratzerakoan euskararen erabilera neurri
handi batean murrizten duten, bai, ordea, Euskal Herriko hainbat erakunde publiko.
Euskal Elkarte Autonomoan ondo jorratuta dago
atal hau, ez, ordea, Nafarroan eta Iparraldean, han hasi baita euskara, ez altxor
baten moduan, baizik eta erlikia bat bailitzan kontsideratzen. Zerbait bitxia
denez, ez dauka erabilera praktikorik eta ez da eguneroko lanean erabiltzeko;
aipamen batekin, edo hitz batzuekin kasu honetan, nahikoa da bete beharrekoa
gauzatuta edukitzeko.
Eta jarrera honekin nola eskatuko diegu enpresarioei
euskara erabil dezaten Interneten edo eguneroko lanean horrelako erreferente
publiko bat baldin badaukagu? Non dago aho batez aldarrikatzen den hizkuntzen
koofizialtasuna? Noiz arte jarraitu behar dugu horrenbeste aldiz errepikatzen
dituzten argumentuak entzuten? Noiz normalizatuko da behin betiko euskararen
erabilera arlo guztietan?
Galdera hauen erantzuna ez da erraza, eta nahiz
eta badakigun eman beharreko pausoek mailakatuak izan behar dutela, inmobilismo
hutsean geldituta dauden jarrera batzuk salatu eta nabarmendu behar ditugu.
Errealitate berri batek aukera desberdin eta
zabalak sor ditzake, baina aldi berean traba eta oztopo berriak ere bai. Oraindik
denbora daukagu sortzear dagoen komunikabide tresna berri hau egokitzeko eta
moldatzeko gure hizkuntzak toki bat eduki dezan, eta euskaraz idaztea eta irakurtzea
bitxikeria izan ez dadin.
Arlo honetan dauden egitasmo eta saiakerak, nahiz
eta benetan oso txalogarriak izan, ez dira nahikoa, gizartean gertatzen den
bezala, inplikatuta dauden erakunde guztiek ez baldin badituzte indar guztiak
helburu hau lortzeko elkartzen eta pertsona denen eskubidea, euskaraz hitz egitea,
berma dadin bideratzen.
Eta kontuan eduki behar dugu Euskarak ideologia
eta ikuspuntu politikoen gainetik egon behar duela. Azken finean, guztiok daukagun
altxor preziatua eta aldi berean zaindu beharrekoa da, eta derrigorrez egoera
berrietara egokitu eta moldatu beharra dauka, bestela, beste hizkuntzekin gertatu
den bezala, hizkuntz hil berri bat edukiko dugu dagoeneko gainezka dagoen hilerri
horretan.
Jatorria: Eusko Alkartasuna