EAk eskatuta, Ugaldek hainbat komunikabidetan argitaratutako idazlan politikoen hautaketa egin eta 100 artikulurekin liburua osatu du

«Kontsignaren aurretik kontzientzia hautatzen duena, alderdiaren aurretik aberria. Eta politikaren aurretik, kultura eta euskara» hitz horiekin laburbildu zuen Joan Mari Torrealdaik Martin Ugalderen izaera, eta hori islatzen da Torrealdaik Ugalderen idazlan politikoei buruz atondu duen liburuan. Aurkezpena atzo egin zuten, Donostian. Martin Ugalde. Idazlan politikoak. Periodismo politico izenburupean, 1958tik 1994ra idatzitako hainbat idazlan politikoetatik hautaketa eginda prestatu du liburua Torrealdaik, «asko kostata», aitortu zuenez, «hautatutakoak halako bost kanpoan geratu direlako».

Eusko Alkartasunak eskatuta hasi zen Torrealdai liburua prestatzen orain dela bi urte. Hala, liburu aurkezpenera, EAko hainbat buruzagi bildu ziren, besteak beste, Gorka Knörr, Anjeles Iztueta, Onintza Lasa eta Carlos Garaikoetxea. Liburuaren aurkezpena, berriz, Joan Mari Torrealdairekin batera, EAko presidente Begoña Erraztik eta Martin Ugalderen semeak eta alaba batek egin zuten, Unai eta Itxaso Ugaldek, hain zuzen ere.Martin Ugaldek idatzitako hainbat eta hainbat idazlanetatik, batik bat, XX. mendearen bigarren erdian idatzitako artikuluak jasotzen ditu liburuak. Ehun idazlan dira guztira, eta dozena bat argitalpenetan argitaratutakoak dira gehienak. Euskaraz eta gaztelaniaz daude liburuan jasota, jatorrian egin ziren moduan. Erbestean bizi zenean, Venezuelako Elite-n eta El Nacionale-n idatzitakoak, eta hemengo, Zeruko Argia-n, Deia-n, El Mundo-n, El Diario Vasco-n eta Euskaldunon Egunkaria-n argitaratutakoak dira. Biziak, arinak eta argiak dira, orain dela 50 urte idatzitakoak izan arren, gaurko arazo berdintsuak aipatzen ditu.Bakoitza bere gaiari eta uneari zuzenean lotuta egon arren, gai nagusiak abertzaletasuna, autonomia, demokrazia eta indarkeria dira. Hala nola, Arana Goiri, Jose Antonio Agirre, Jesus Mari Leizaola eta Santi Brouard, hainbat artikulutan aipatzen ditu.

«Injustizia larrugorrian»

Torrealdaik Ugalde hizpide hartu zuenean, haren kontrako neurri judizialak ekarri zituen gogora: «Ez da ulertzen, Ugalderen ibilbide politikoa ezagututa, ETArekin kolaboratzeagatik dagoen bezala egotea. Injustizia larrugorrian batez ere, Martin Ugalderen kasuan ikusten da».

Begoña Errazti EAko presidenteak nabarmendu zuenez, Ugaldek hainbat kargu izan zituen Eusko Jaurlaritzan, eta EAk zentzu horretan ekarpen bat egin nahi izan du Ugaldek bere ibilbidean egindako hainbat lan jasota geratzeko.Unai Ugaldek hitza hartu zuenean, eskerrak eman nahi izan zituen familiaren izenean jaso duten babes guztiarengatik.

• MARTIN UGALDE. Gizon konprometitua

Andoainen jaio zen 1921ean. Espainiako gerraren ostean, 1947an, Caracasera, Venezuelara ihes egin zuen. Hara iritsi bezain laster Euskal Gaztedia EG sortu zuen. Urte bat geroago EAJren kanpoko batzordeko lehendakari izendatu zuen alderdiak. Caracasen egin zuen denboran, estuki lotuta eman zituen euskal etxearen zuzendaritza eta kazetaritza. Hainbat liburu eta artikulu argitaratu zituen euskal kultura eta Euskal Herriko egoera politikoa hizpide hartuta. 1969an Euskal Herrira itzuli zen, Hondarribira. EAJn batzorde eraginkorreko kide izan zen, eta 1972an, Leizaola lehendakari zela, Eusko Jaurlaritzako kontseilari izendatu zuten. 1982an, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko euskara arazoetarako zuzendari izendatu zuten. 1987. urtea arte egon zen ardura horretan. Hain zuzen ere, EAJren haustura arte. Orduan, Carlos Garaikoetxearen aldeko apustua egin eta Jaurlaritza utzi zuen. Egunkaria Sortzen mugimenduan aritua, 1990ean, Egunkaria-ko administrazio kontseiluko lehendakari izendatu zuten. 2003ko otsailean, Egunkaria-ren aurkako operazioan, Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak diru kontuak blokeatu zizkion Egunkaria-ko lehendakari izan zelako. Urriaren 16an, Eusko Jaurlaritzak Euskaldun Unibertsalaren Saria eman zion.

Liburuaren pasarteak

Martin Ugalderen idazlanek euskal kultura eta euskaldunon arteko elkartasun beharrari buruzko aipamenak egiten dituzte maiz. Horietako batzuk dira Torrealdaik jasotakoak:

´Elite´-n argitaratua, 1959an, ´Aguirre: la democracia vasca en el exilio´ izenburupean: (…) «Garapen politikoaren ondorioz, herriek beren hizkuntza, kultura eta izaeraren kontzientzia esnatzen dutenean, ahotsa altxatzen dute entzunak eta errespetatuak izan daitezen eskatzeko. (…) eta Euskal Herriak ba al du arrazoi nahikorik aitortza hori eskatzeko, edo burugogorkeria da? Ez dago zalantzarik Euskal Herria existitzen da».

´Alderdi´-n argitaratua, 1962an, ´Diferencia entre generaciones´ izenburupean: (…) «Aberriak zaharrak eta gazteak behar ditu, biek ala biek esperientzia eta lanerako gaitasuna dute. Belaunaldi politikoak osagarriak izan behar dute, eta akats larria litzateke batzuek besteak kanpoan utzi nahi izatea. Elkartzen gaituzten oinarriak topatu behar ditugu elkarrekin lan egin ahal izateko».

´Alderdi´-n argitaratua, 1964an, ´Euzkadi ¿A donde va?´ izenburupean: (…) «Oraindik ere herri moduan kontzientzia izaten jarraitzen dugu, gure kulturarentzako exijentziak egiten ditugulako. Baina, ezaugarri horiek berreskuratzea zaila izan daitekeen puntu batera arte galtzen baditugu, ez digu asko balioko abagune politiko egokia izatea, ez dugulako gure herria herri bezala funtzionarazteko arrazoirik izango».

´La Censura y Euskadi´ 1976an, argitaratua: (…) «Euskal Herrira iritsi nintzenean zentsurarekin lehen topaketa honako izan zen: hedabideetara soilik irits zitezkeen errealitatea ikuspegi ofizialetik ikusten zutenek».

´Deia´-n 1983an argitaratutako artikulua, ´Herri Batasunaren ukapena´ izenburupean

«Euskalduna denak badaki aita batek elkar ondo eramaten ez ziren semeei eman zien adibidea: Bildu zituen seiak, eta gazteenari abar edo zotz bat eskuratuz esan zion: ´Hautsiko ahal duk abartxo hau?´ Eta gaztetxoak, ´klik´ batez bi zati egin zuen. ´Orain bildu sutarako dauden artean lodi bereko sei Ðesan zion berrizÐ, eta eman anai nagusiari…, ea hik, Joxe, sortatxoa eskuz hausteko kemenik baduken´. Seme zaharrenak egin zituen ahaleginak, eta alperrik. ´Hauxe diotsuet Ðhitz egin zien aitakÐ, sakabanaturik bizi zareten anaiak banan bana arerioaren eskuetan jostailu zarete, baina elkar egiten baduzue, ez zaituzte inork menderatuko».

1990ean ´Euskaldunon Egunkaria´-n argitaratutakoa, ´Elkartuko bagina´ izenburupean:

«Baina zergatik Herriak larriki eskatzen duenean ez gara gutako bakoitza gauza / grinaren gainetik burua nagusitzen ahalegindu eta gero, ez lehenago, gure barruko zezena adarretatik hartu eta gero, gero!, bihotzari leku eragilea eta zabala emateko.Ez edozertarako, aitaren etxea defendatzeko baino!Herri zanpatua beste norbaitena den bezala, herri askea denon etxea bihurtzen baita».

GURUTZE IZAGIRRE /BERRIA- Donostia