Martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna, berdintasunaren bidean emandako pausuak ospatzeko momentua da eta, baita ere, egun indarrean dauden diskriminazioak nola gainditu hausnartzeko momentua.
“Mugarik gabe, aske” da 2016ko Emakumeen egunerako Eusko Alkartasunak aukeratu duen leloa eta aurten ahalduntzearen gaia da garatuko duguna.
Legeak ekarri duen (sasi)berdintasunak belaunaldi berrietan ilusio bat sortu du: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna errealitate bat dela, hain zuen ere. Ziurrenik, egunean ematen diren beste desberdintasun egoerek pertzepzio oker horretan eragina izan dute. Aitzitik, gure gizartea benetako berdintasunetik oso urruti dago eta genero indarkeria errealitate horren zati txiki bat bakarrik ez da, larriena eta iraingarriena da, baina ez bakarra.
Astero emakume bat eraila izaten da Estatuan emakumea izateagatik, hain zuzen. Emakumeak hiltzen dituen sistema matxista horrek ere beste eragin batzuk ere sortzen ditu -erkagarriak ez diren arren-: generoen artean soldata-arraila izugarria daukagu. Gainera, sistema matxistaren ondorioz bakarrik uler liteke orain dela gutxi epaile batek bortxaketa baten biktima bati “hankak ongi itxi ote” zituen galdetzea.
Matxismoa, hetereopatriarkatua, botere modu unibertsal perfektuenetarikoa da: gizarte guztietan beraien bizitzako esparru estrategikoen inguruan erabakiak hartzeko garaian emakumeek gizonek baino aukera gutxiago dituzte.
Gure amonek beraien gizon, aita edo neben baimenik gabe ezin zuten lanik egin; gure amek dibortzio eskubidea eta ugaltzeko gaitasunaren inguruan erabaki ahal izateko ere lan egin zuten. Gaur eguneko emakumeek borroka horren fruitua hartu behar dute benetako berdintasuna lortzeko. Emakumeak esparru publikora salto egin dute arlo pribatuan (etxean) beharrezko aldaketa eman ez diren arren -lanaldi bikoitzaz ari gara- eta horrek trabak sortarazten dizkio emakumeari.
Ahalduntzea egoera hori gainditzeko lanabes aproposa da. Hitza zaila da baina gero eta gehiago erabili egiten da. Eta baita horren inguruan eztabaidatu ere; adibidez, Hego Amerikako mugimendu feminista batzuek nahiago dute “agenziamendu” hitza erabiltzea, “ahal” edo gaztelerazko “botere” zentzu hori pertsonen arteko harremanetatik kanpo uzteko.
Ahalduntzea transformazio prozesu bat da, zeinetan emakume bakoitza bere erritmoan historia, politika eta kulturaren objektu izateari uzten dion -beste batzuen objektu izateari uzten dio- eta bere bizitzaren protagonista bihurtzen den. Gizon handiaren atzean dagoen emakumea izateari uzten diogu, bere parean kokatzeko; gu esna araziko duen printzea itxaroteari utziko diogu eta guk geuk salbatuko dugu geure burua. Horregatik emakume batek bere burua ahaldundu behar du, inork ezin du bestei nork ahaldundu.
Kontzientzia feministatik baino egin ezin daitekeen prozesu honek autoestima bezala zenbatezinak diren bitartekoekin hasi daiteke, eta hortik abiatuta gizarte egituretan eta esparru politikoan parte hartzeko gaitu.
Eta zein jostailuekin jolastu behar dugun, nola jantzi behar garen, zertan lan egin behar dugun esaten digun gizartean hori ez da batere erraza. Horregatik, ahalduntzea norbere burutik hasi egiten da, barrutik kanpora eta gainera gizartearekiko baina baita gure buruarekiko, egin ezin genituela esan diguten gauzak egin ditzakegula sinistu dezagun.
Ahalduntze prozesuak ezberdinak dira emakume bakoitzarekin. Baina aldaketa guztietan gertatzen den bezala, hasi ahal izateko zer den jakin behar dugu.
Eta horixe egingo dugu datorren larunbatean Donostiako Alde Zaharreko Alkartetxean Emakumearen aurkako biolentzia eta emakumearen ahalduntzea egingo dugun jardunaldiaren bidez.