JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabalak mozio bat aurkeztu du Osasun Sailak Ospitaleko Enpresa Batzordeak salatutako gertakariak argi ditzan. Osasun zentroetan polizia indarren jokaera arautzeko protokolo bat ezartzea proposatu du.

Juanjo Agirrezabalak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duen mozio baten bidez, pasa den martxoaren 3an Gasteizko Santiago Ospitaleko larrialdietarako zerbitzuan gertatutakoa argitzeko barne ikerketa ofizial bat egiteko eskatu dio Eusko Alkartasunak Osasun eta Kontsumo Sailari. Izan ere, ertzain batzuk ospitalean sartu ziren hainbat lagun identifikatzeko eta atxilotzeko asmoz, 1976ko martxoaren 3ko biktimen omenez egindako manifestazioaren ondorengo istiluen ostean.

EAko legebiltzarkidearen iritziz, “Ertzaintza osasun zentro batean sartu eta bertako langileengan zein pazienteengan ezinegona eragitea neurriz kanpo dago, Enpresa Batzordeak berak ere, aho batez, jada salatu duen moduan”.

Hori dela eta, Enpresa Batzordeak bezala, Agirrezabalak ere barne ikerketa bat egiteko eskatu dio Osasun Sailari, etorkizunean horrelakoak errepikatzea saiheste aldera. Halaber, osasun zentroetan polizia indarrei mugak jartzeko eta haien jokaera arautzeko protokolo bat onartzea eta aplikatzea proposatu du, “ordena publikoa zaintzeak ezin duelako ekarri Osakidetzako langileen askatasunak murriztea edo pazienteei emandako zerbitzua oztopatzea”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA