Meritxell Elgezabal Intxaurragak, Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bildu Taldeko Batzarkideak, gaur ospatu den Euskara, Kultura eta Kiroletako Batzordean eskatu du “azterketa arkeologiko sakon bat egitea Ezkerraldeko Parke Teknologikoaren eraikuntzak eragindako obren inguruan, ezagutzeko benetan zer dagoen, ondare historiko hori galdu baino lehen”. Horrela adierazi du EH Bilduko kideak eskatuta ospatu den Euskara, Kultura eta Kirol Saileko Diputatua den Lorea Bilbaoren agerraldian. Bertan Meritxell Elgezabalek Somorrostroko gudarekin (1874) loturiko aurkikuntzei buruz eta ondorioz Aldunditik bertan dagoen ondare historikoa babesteko hartu beharreko neurriei buruz galdetu du.
Meritxell Elgezabalek gogoratu du “2018ko apirilean Bizkaiko Ezkerraldea-Meatzaldea Zientzi eta Teknologia Parkeko lehen harria” jarri zela Abantoko udalerrian. “Teknologia Parke hau kokatzeko erakunde publikoek aukeratutako zonaldean 1874 urtean Bigarren Gerra Karlistaren barruan Somorrostroko Bataila eman zen, gerra gogorra eta garrantzitsua Enkarterri, Bizkaia eta Euskal Herriko historian. Ustez, kalkulatzen da 50.000 gaztek parte hartu zutela. Beraz, eremu beliko eta historiko garrantzitsu baten inguruan ari gara. Gure historiaren atal garrantzitsu bat. Ondare kultural eta historikoa dena”.
Meritxell Elgezabalek bere kezka adierazi du egindako azterketa “sarbideetako obretara” mugatzen delako, “ez gainerako parke teknologikora, askoz ere zabalagoa dena”. “Eremu osoa ez dago balizko aztarnategi gisa definituta, beraz, ez dago babestuta, baina aurkitu diran ebidentziak kontuan hartuta, uste dugu badaudela elementu nahikoak kontuan hartu beharko litzatekeenak gure ondarea babesteko eta lege-babesa emateko”.
Bete alde batetik, EH Bilduko ordezkariak salatu du gaiaren inguruan egindako galderen erantzunetan agerian geratzen diren kontraesanak.
Amaitzeko Meritxell Elgezabalek gogoratu du: “Eremu historiko garrantzitsu baten inguruan ari gara. Eta bertan edozein gauza eraikitzen bada, eremu historiko hori desagertu egingo da. Bere ezaugarria galdu egingo da. Kokapen geografikoa bera, hori interpretatzeko eta hurrengo belaunaldiei azaltzeko zer gertatu zen gure historiaren momentu konkretu batean, ez badugu sakonki aztertzen, ez badogu mantentzen eta babesten, galdu egingo da”.