Kultur mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriak arautzen dituen Foru Arau Proiektua eztabaidatu da gaurko Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta arauan kontrol publikoa ezartzea eta berdintasunaren ikuspegia sartzea aldarrikatu du Lohitzune Txarolak. Bi irizpideak kontutan hartu ez direnez, EH Bilduk ez dio aldeko botoa eman Foru Arau Proiektuari eta abstenitu egin da.
Beren egituran eta antolaketan emakumeen eta gizonen parte hartze orekatua sustatzen ez duten entitateak kultur mezenasgotik kanpo geratzea proposatu du EH Bilduko batzarkidea eta EAkidea den Lohitzune Txarolak: “Berdintasunaren alde egiteko hartzen diren neurri guztiak gutxi baitira tamalez gaur egun emakume eta gizonen arteko berdintasunak bizi duen egoera ikusita”.
Bestetik, behin araua onartuta Aldundiak egin behar duen informazio kanpainari mugak jartzea eskatu du Txarolak, erabiliko diren bitartekoak “egokiak izateaz gain eraginkorrak eta proportzionalak ere izan” behar direla esanda eta hiruhilean behin Batzar Nagusietan horri buruzko informazioa emateko betebeharra ezarriz. “Baliabide publikoak direla kontutan hartuta”, kontrol publikoa ezartzea egokiena jo du Txarolak.