Lotsagarria iruditzen zaigu, oraindik erabakitzeko den auzi batean Auzitegi Konstituzionalak legeak «sistemaz kanpoko borondatea» duela adieraztea. Horrekin asmatzen ahal dugu zer-nolako erabakia hartuko duen.
“Alderdi politikoak Kontsultaren Legeak Konstituzioa errespetatzen duen ala ez erabakiko duen auzitik kanpo uzteak ez gaitu harritu, kezkagarriagoa da judiziala beharko lukeen auzia politikoa bihurtu izana”. Honek “Madrilen dagoen urduritasuna adierazten du” adierazi du Irujok.
EAko komunikazio arduradunaren arabera, “Espainian objektibotasunik ez dago, beraz ezer gutxi espero dezakegu Auzitegi Konstituzionaletik”. Kontsultaren Legea defendatzeko aukerarik gabe uzteko argudioek berek erakusten dute bi botereen artean ez dagoela banaketarik, gaineratu du Irujok.
Kezkagarriena “ebazpenean agertzen diren argudioak politikoak direla da, eta ez legean oinarrituak. Epai politiko baten aurrean gaude, argi eta garbi”. Bere iritzia bermatzeko Auzitegi Konstituzionalaren argudioak Estatuaren Abokatuak aurkeztutako berberak direla dio EAko Komunikazio idazkariak.
“Gisa berean lotsagarria iruditzen zaigu, oraindik erabakitzeko den auzi batean Auzitegi Konstituzionalak legeak «sistemaz kanpoko borondatea» duela adieraztea. Horrekin asmatzen ahal dugu zer-nolako erabakia hartuko duen”.
Irujoren ustez, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak ez du laguntzen euskal gatazka konpontzen. “Bi muturren artean jarraitzen dugu, alde batetik bortizkerian sinesten jarraitzen dutenak, eta bertzetik, inolako irtenbiderik eman nahi ez diotenak” adierazi du.
Herri galdeketa “legez, zilegitasun osoz eta demokratikoki” egingo da
Behin eta berriro EAk argi eta garbi erakutsi du herri galdeketan sinesten duela, eta horren alde lan egiten jarraituko dugu. “Jarraituko dugu guztiz politizatuak dauden oztopo guztien gainetik, benetan sinesten dugulako herri galdeketa egiten ahalko dela. Eta egingo da legez, zilegitasun osoz eta demokratikoki” adierazi du Joseba Azkarraga EAko Idazkari Nagusiak.
Jatorria: Eusko Alkartasuna