Martin Aranburu Balorazio desberdinak datozkit burura ETAk egindako urratsaren azterketan. Artikulu luze bat betetzeko adina bai behintzat. Beste baterako utziko dut halere, gaurkoan, kontuan hartu behar diren aspektu desberdinak azpimarratu nahi ditut bakarrik. Balorazio politikoak egiteko eta eskerrak emateko unea da.
ETAk egindako urratsa ez da prozesuaren hasiera. Prozesua aspaldian dago hasia. Eragile desberdinen artean harremanak hasi eta harreman horiek gorpuzten eta sendotzen hasi zirenean hain zuzen. Jakina, ETAren erabakia ez da ezerezetik sortutako urratsa, aldiz, lan politiko luze, korapilatsu, zail eta era berean itxaropentsu baten emaitza publikoa da. Esfortzu eta saiakera horiek hasi zirenean kokatzen dut nik euskal bake prozesuaren hastapena. Herenegungoa, bake prozesu horri eman zaion bultzada izugarria da, bake prozesuari beste abiada bat emango diona eta, ziurrenik, herritarren parte-hartzea eta inplikazioa areagotuko dituena. Etorriko da lan horretan egon diren eta egon ez diren eragileei kontuak eskatzeko garaia. EAn behintzat oso harro gaude egin dugunarekin, eta egin dugun moduarekin.
ETAren erabakiak mesede egiten dio bake prozesuari. Aitzakiak bukatu egiten dira. Elkarrizketa politikoa, desberdinen arteko akordioa eta herritarren hitza kontzeptuek berebiziko garrantzia hartzen dute aurrerantzean. Hiru zutabe horiek dira konponketa mahaiaren ardatzak. Mahaian parte hartuko duten guztiek oso garbi eta asumiturik dituzten ardatzak, eta horrek, kontzeptu horietaz debatitzeko eta diskutitzeko jarreran jartzen ditu. Orain ezin dira debateak ekidin. Espainiako Gobernua, Erkidegoko Gobernua, alderdi desberdinak, sindikatuak eta eragile sozialak izango dira bake prozesu honen protagonistak. Eraginkortasun eta garrantzi desberdinarekin ziurrenik, baina eragile guzti horiek izan beharko lukete zer-esana prozesuan. Are eta sendoagoa, atzerakortasun gutxiago du prozesuak.
Atzerakortasunaz egin nahi nuke ere gogoeta. Beti, une-oro egongo dira herri hau baketzearen aurka dauden interesak. Ez ditzagun ahaztu. Eta ezkutaketan badaude ere, modu batean edo bestean prozesu hau leherrarazten saiatuko dira interes horiek dituztenak. Urteak dira gatazka hau konpontzeko ezinbestekoak ziren urratsen diagnostikoan EAk eta Batasunak bat egin zutela, eta inolako zalantzarik ez dut bi horien partetik ez dagoela prozesuan atzera egiteko inolako asmorik. Berdin uste dut Euskal Herrian dauden eragile gehienen partetik. Erne, PPren ideologiarekin bat egiten duten Armadako eta botere judizialeko hainbat elementurekin.
Apirilaren bateko manifestaldia izango da bake prozesuari herritar askok eman nahi diogun bultzadaren agerpide publiko eta jendetsua. Konponketa garaia da lelopean hiru kontzeptu azpimarratu nahi ditugu: Euskal Herria, erabakia eta adostasuna. Batzuen iritziz Euskal Herria kontzeptua erabiltzeak kutsu baztertzailea ematen dio manifestaldiari, herriaren zati batek ez duelako kontzeptu horrekin bat egiten. Bestela ulertzen saia gaitezen. Adostasunak eta erabakiak arazorik ez dute sortzen, adostasun politikoa lortu beharko dela argi baitago eta jarraian, adostasun horren baiezkoa edo ezezkoa herritarrek eman beharko dutela. Non ordea? Eskubide nazional batzuen ukapenean sortzen den gatazka politikoan inplikatuta dauden eragileek eman beharko dute bada iritzia? Eskubide nazional horiek ez dira Errioxan, Madrilen edo Biarnon ukatzen, Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa-Beherea eta Zuberoako biztanleek dute arazo hori. Beraiei galdetu behar zaie beraz. Eta arazo nazional bat dagoela onartzeak ez dut uste adierazpen horri kutsu abertzalea ematen dionik.
Norberaren nortasun politiko nazionaletik gain, objektiboa da lurralde horietan arazo hori duten pertsona asko daudela. Ziur naiz, pertsona andana bilduko dela Bilbon. Baita EAJ alderdikoak ere. Helburu zintzoak baitira hainbat eta hainbat herritarrek dituztenak. Bakearen alde bultzadatxoa eman.
Gauden unean eskerrak emateko garaia ere bada. Interlokuzio lanetan ibili diren alderdi, eragile sindikal eta eragile sozial desberdinei. Euskal Herrian eta nazioartean. Bruselan hasi eta AEBetan bukatuta. Bake prozesuaren oinarrian pertsonen arteko konfiantza dago, eta konfiantza hori eraikitzean nazioarteko pertsona askok izan dute zer-esana. Horietako asko ez ditugu sekula hedabideetan ikusiko, ezta beraiekin harremanak ireki eta mantentzen dituzten euskal herritarren izenik ere. Hor daude ordea. Lan isila egiten. Inolako txalorik itxaron gabe. Horiei guztiei eskerrak. Egin duten lanagatik. Irabazi dutenagatik. Mila esker.
Jatorria: Martin Aranburu