Espainiar justiziak 214 urteko kartzela zigorra eskatzen du Kataluniako jendarteari botoa ematen uzteagatik
Europako Aliantza Libreko alderdiek –Eusko Alkartasuna eta ERC, tartean- kezka handia agertu dute dagoeneko espetxean urte bete baino gehiago daramaten Kataluniako lider politiko eta sozialen kontra gaur hasi den epaiketarengatik. Espainiako Fiskaltzak 214 urteko kartzela zigorra eskatzen du 2017ko urriaren 1ean burujabetza erreferenduma antolatzeagatik.
Matxinada (eta, beraz, biolentziaren erabilera), sedizioa eta diru publikoaren bidegabeko erabilera dira egiten diren salaketak. Belgikar, eskoziar eta alemaniar jurisdikzioek ezeztatu egin dituzte salaketak, eta Alemaniak Carles Puigdemont presidente ohia eta atzerrian dauden sailburuak estraditatzeari uko egin dio.
Espainiako Fiskaltzak matxinada delitua egotzi zion ofizialki Oriol Junqueras, Kataluniako presidenteorde ohi eta ERCko idazkari nagusiari 2108ko azaroan. Dolors Bassa, Joaquim Forn, Jordi Turull, Raül Romeva eta Josep Rull sailburu ohientzat 16 urteko kartzela zigorra eskatzen dute; Jordi Cuixart eta Jordi Sánchez, Kataluniako gizarte eragile nagusietako liderrei 17 urte, baita Carme Forcadell, Parlament-eko presidente ohiari ere, matxinadako buruzagiak izan eta hura bultzatzeagatik. Beste zazpi politiko eta arduradun administratiboei ere 4 eta 11 urte bitarteko zigorrak eskatzen zaizkie.
Europako Aliantza Libreko kide bezala, pertsona horiek ez dutela inolako deliturik egin ziurtatzen dugu. Espainiako Gobernuarekin akordioa lortzen ahalegin handia egin zuten, baina ezezko erantzunak baino ez zuten lortu, Kataluniako gizartearen behar demokratiko eta nahiei konponbide politikoa emateko aukerari ateak itxita mantenduz.
Kataluniarren zilegizko aldarrikapenak mespretxatzen dituen jarrera horren aurrean, hautetsiek aukeratuak izan zirenean eman zitzaien agindua betearaztea erabaki zuten: Kataluniako independentziari buruzko erreferenduma antolatzea. Gizartearentzat horren garrantzitsua den gaiari buruzko bozketa antolatzea meritu demokratikoa da, ez delitua.
Espainia eta Kataluniaren arteko gatazkak izaera politikoa dauka eta, horregatik, konponketa ere politikoa izan behar da, ez judiziala. Tamalez, ez dirudi egungo PSOEko Gobernua –lehen PPkoa bezala- Kataluniako Gobernuarekin burujabetza eskubidea nola aurrera eraman daitekeen erabakitzeko elkarrizketa politiko eta eraikitzailea aurrera eramateko konprometitzeko prest dagoenik.
Gai hau epaitegietara eramateak ez du gatazka konpontzeko ekarpenik egingo. Aldiz, hurrengo belaunaldietarako izan daitekeen ondorio negatiboak elikatuko ditu. Gainera, kasuak duen pisu politikoa eta aurretik epaileek hartutako erabakiak –baita jarrera pertsonalak ere- kontutan izanda, prozesua bidezkoa izango denaren bermea zalantzan jartzen da.
Europar Batasunak ere egoeraren ardura dauka. EBk lehen bait lehen esku hartu beharko luke, konponbide politikoa exijitu eta Kataluniako jendartearen aurka Espainiako Gobernuak egin dituen eskubide zibil, politiko eta giza eskubideen urraketaren aurrean zaindari lanak eginda.
“Aukeratuak izateko agindu zutena egiteagatik zigortuak dira Kataluniako buruzagiak: Madrilekin herri galdeketa adostu eta ezinezkoa balitz erreferenduma antolatzea”, esan dute EALko presidentea den Jordi Solék eta EALko idazkari nagusia den Lorena López de Lacallek. “Kataluniako independentziaren aldeko mugimenduaren ezaugarri bat azpimarratzekotan, bakezaletasuna izan beharko zen. Egon den biolentzia bakarra Espainiako Poliziak botoa eman nahi zuten pertsonen aurkakoa izan da. Egun horietan Katalunian egon ziren nazioarteko behatzaileek ikusi zuten”.
“Gatazka politikoa ezin da epaitegietan konpondu. Burujabetza eskubidea –NBEk aitortutakoa- agian ez da Konstituzioan espresuki egongo, baina bakean eta demokrazian oinarrituta garatzen bada ezin da delitutzat hartu”. “Gaur hasi den epaiketa ez da preso politikoen aurkakoa bakarrik, erreferendumean botoa eman zuten milioika katalanen kontrakoa baizik. Europar Batasunean inoiz egin den epaiketarik lotsagarrienetakoa da”, esan dute Solék eta López de Lacallek.