Martin Aranburu
Jakin nahi ez eta denaren jakitun. Horra komeria! Iraganeko aste osoan Espainiako printzearen ezkontzaren berriez nazkatuta larunbatean zuzenean egingo zuten emanaldiari boikot pertsonala egitearen determinazioa hartu nuen. Ezinezkoa, halere, nire burua indiferentzia handienean mantentzea. Zuzenean segundo bakar bat ere ez ikusi arren, egunean eta hurrengo egunetan elkarrizketagai izan zen, azkenerako, nahi gabe izan bada ere, ezkontzaren aspektu garrantzitsu denak ezagutzen ditudalarik. Jakin nahi ez eta denaren jakitun. Telebista, egunkari zein irrati gehienek barra-barra eman dizkigute berri denak, aspektu erabilgarriak azpimarratuz eta kritikagarriak isilaraziz, estrategi politiko argi baten mesederako betiere. Izan ere, artikulu honen helburua ez da nire asteburuaren berri ematea, aldiz, estatu estrategien beharrek heda- bideen askatasuna murrizten dutela salatzea eta era berean Espainiaren kutsu demokratikoaren falta uste baino aspektu gehiagotan ikusgai dela azpimarratu nahi dut esaldi hauen bidez.
Sentimendu nazional gutxiko herrietan beti izan da ezinbestekoa herriaren kontzientzi nazionalean eragina duten elementu integratzaileak topatzea eta indartzea. Elementu horietako bat da Juan Carlos erregea eta bere familia. Monarkiak sinbolismo nazionalaren funtzioa betetzen du XXI. mendeko Espainian, hots, espainiar naziotasunaren elementu pizgarriena da gaur egun, futboleko selekzioa salbu agian. Monarkiaren garrantziaz jabeturik, bereziki aprobetxagarriak dira estatuarentzat eta bere zerbitzura dauden tresna ororentzat monarkiarekin lotura duten aspektu positibo denak. Printzearen ezkontza adibidez, herriaren eta monarkiaren arteko lotura indartzeko aukera paregabea izan da, helburu horren baitan erabiliak izan direlarik hedabide gehienak.
Espainiako telebista kate denek eskaini zuten eta eskaintzen dute oraindik ere ezkontza horri buruzko irudi piloa. Denak politak eta positiboak. Mezu txarrik ez. Hankasartzerik sekula erakutsi ez. Ezkontzaren kostuaren berri ezta sumatu ere! Egunkariek ezkonberriak egiten ari diren biraren berri konstantea ematen digute, jendearen irribarreak eta jende multzo handiak erakutsiz. Atzo egunkari askok adibidez, azalean erakutsi zuten Euskal Herrian egin zitzaien harrera jendetsua, Euskal Herriak espainiar monarkia onartzen duen seinale. Gogorra behar zuen izan Estatuarekin erlazio onak mantendu nahi dituen hedabide batentzat Euskal Herrian benetan gertatu zenaren berri zehatza ematea, horrek ezinbesteko irakurketa politikoak sortuko lituzkeelako. Non dago, beraz, gai batzuen inguruan prentsa askatasuna? Botere banaketa, prentsa askatasuna eta elkartze askatasuna dira demokraziaren oinarriak. -
Jatorria: Martin Aranburu