Tontxu Campos (Bizkaiko Ekonomi Sustapeneko diputatua. Ekonomi eta Enpresa Zientzietako doktorea)
Business Global Conference delakoa egin berri dugu Bilbon, zeinaren helburua «negozioetan e-businessaren inguruan gertatzen den praktika eta ezagutza trukaketa hobetuko duen topagunea izatea» baitzen; eta helburua bete dugula uste dut. Hainbat esperientzia ezberdin ezagutu ditugun arren (batetik, antolaketa, estrategia eta merkataritza elektronikoan aritzen diren 20 aditu baino gehiagorenak; eta bestetik, hainbat enpresabururenak), xedea bera izan da: lehiarako abantailak sortzeko garaian Internetek negozioei eskaintzen dizkien praktika onenak eta onurak ezagutarazi eta sustatzea. Gure mezua «mugitzen diren negozioetara» zuzendu dugu, eta «mugitzen nola jarrai dezaketen» argi utzi nahi izan dugu.
Euskadiri buruzko datuak oso esanguratsuak dira. Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Konferentziaren aurkezpenean adierazi bezala, hamar langile baino gehiago dituzten euskal enpresen %81ek Internet erabiltzen dute; zifra horrek aurreko urtealdikoa %4 gainditzen du. Horrekin batera hamar langile baino gutxiago dituzten enpresak kontuan hartuz gero, Internet enpresen %36,5ek erabiltzen dutela ikus dezakegu. Gehienez bi langile dituzten enpresa txikien artean, %28,2k dute Interneterako sarrera; 3 eta 9 langile bitartekoen artean, %52,5ek; 10 eta 19 langile bitarteko enpresen artean, %74,2k; 20 eta 49 bitartekoen artean, %84,6k; 50 eta 99 langile bitarteko enpresen artean, %91,8k; eta 100 langile baino gehiago dituzten enpresen artean, %95,4k. Datuok, Eustat-ek emanak, 2001ekoak dira, eta aurreko urtealdiarekin alderatuz gero hamar puntuko hazkuntza gertatu zela erakusten dute.
Eustatek emandako datuen arabera 2002 urte honetako bigarren hiruhilekoari dagozkionak, biztanleen %48,8k ordenagailua dute etxean, %28,7k Interneterako sarrera dute, eta %77,2k sakelako telefonoa dute. 10 langile baino gehiagoko enpresei dagokienez, %94,8k ordenagailu pertsonala dute, %80,9k posta elektronikoa erabiltzen dute, aipatu %81ek Interneterako sarrera dute, eta %75,4k sakelako telefonoa dute.
Euskal Administrazio Publikoetan gogor dihardugu lanean guztiok, biztanle eta enpresek, teknologia berrien munduan sar gaitezen. Bizkaiko Ekonomi Sustapeneko Sailak enpresa txiki eta ertainetan (pymeetan) negozio elektronikoa finkatzen laguntzeko programa jarri zuen abian, hots, e-baltzuak. Aurten aurkeztu diren 197 eskaerek programa horren aldeko iritzi baikorrenak berresten dituzte. Programa hasi zenetik, 2000. urtean, euren negozioetarako Internet erabiltzen duten 238 enpresari laguntzen aritu gara. Programa abian jarri eta legealdi hau bukatu bitartean, 538 enpresa izango dira gure laguntza jaso izango dutenak, zazpi milioi euro inbertitu ondoren.
Jakina den bezala, Internetek enpresen arteko erlazioen mundua asko aldatu du. Merkataritza elektronikoa etengabe zabaltzen doa, eta hori enpresen arteko negozioetarako onuragarria da oso. Gainera, informazio eta komunikazioaren teknologiei esker enpresen potentzial osoaz goza dezakegu, hots, pertsonen eta haien ezagutzaren potentzialaz. Hala, gizabanakoen gaitasunak neurtzeko tresna bihurtzen dira, eta organizazioetan aldaketak kudeatzea errazten dute. Ezagutzan oinarritzen den ekonomia digitalera pasatzeak ezagutza bera, lehiakortasuna eta lana sustatu behar ditu. Hori kontuan harturik, Kontseilu Europarrak eta Europako Batzordeak eEurope 2002 ekimena jarri du abian, zeinaren bitartez ezagutza garatzeko oinarriak finkatu baititu, ezagutza hori hurrengo hamarkadetan Europan gertatuko den garapen ekonomikoaren ardatza izan dadin. Europa osoan egunero eta etengabe enpresetan negozio elektronikoa erabiltzea bultzatzen da. Ideia horri jarraituz, eta gu guztion arteko elkarlanari esker, gure enpresak prozesu horretan lehenak izatera irits daitezke. Datuek erakusten duten moduan, helburu hori lortzerik badugu; alegia, euskal enpresak eta biztanleak Europan negozio elektronikoa sustatzeko prozesuan lehenak izatera iristea.
Egun, horretan ari gara lanean, eta hau guztia dela medio, «mugitzen diharduten negozioei» erabateko laguntza eskainiko diegula behin eta berriro adierazten dugu.
Jatorria: Eusko Alkartasuna