Eusko Alkartasunak militarrek Myanmarren eman duten estatu kolpea salatu du, eta Giza Eskubideen eta demokraziaren aldeko jarrera berretsi du. Halaber, buruzagi demokratikoen atxiloketengatik eta espetxeratzeengatik kezka agertu du, baita atxilotuei eman ahal zaien tratuagatik ere.
2011n hasi zen sasidemokrazia esperimentu laburraren ostean, erregimen militarrera itzuli da Myanmar eman duten estatu kolpearekin. 1962tik boterean zeuden militarrek hauteskundeak deitu eta beste erreforma batzuk egin zituzten 2011n.
Hauteskunde orokorrak egin zituen Myanmarrek azaroaren 8an, eta Ang San Suu Kyi NLDko (Demokraziaren aldeko Liga Nazional alderdiaren ingelesezko siglak) liderrak botoen %59 eta eserlekuen %83 lortu zituen.
Militarrek uko egin diote hauteskundeen emaitzak onartzeari, eta, otsailaren 1ean, Parlamentu berriak bozketen emaitzak aitortu eta Ang San Suu Kyi buru izango zuen Gobernua onartuko zuen egunean, telebistaz iragarri dute estatu-kolpea militarrek, Konstituzioak larrialdi nazionala deklaratzeko aukera ematen diela argudiatuz. Batzorde Militarrak esan duenez, larrialdi-egoera urtebetez egongo litzateke indarrean.
Estatu kolpearen ondorioz, militarrek herrialdeko azpiegitura kontrolpean hartu dute eta NLD alderdiko buruzagiak atxilotu dituzte, Aung San Suu Kyi eta U Win Myint presidentea barne, baita kabineteko ministroak, hainbat eskualdetako ministro nagusi, oposizioko politikariak, idazle eta ekintzaileak ere.
Era berean, Rohinya pertsonen egoeragatik kezkatuta jarraitzen duela adierazi du Eusko Alkartasunak. Myanmarko ipar-ekialdean bizi dira gutxiengo musulmaneko parte diren rohinyak eta ez daude talde etniko gisa aitortuak, gehiengo budistak oso diskriminatua bizi dira. 2015az geroztik eta bereziki 2017az geroztik, Armadak herritik alde egitera behartu ditu eta, horrela, 723.000 pertsona baino gehiago Bangladeshen babesa bilatzera behartu dituzte.