Maiorga Ramirez Nafarroako EAko koordinatzaileak eta Andres Leonard eta Roberto Mateos Gazte Abertzaleak taldeko ordezkariek Nafarroako egoera politikoa hizpide izan dute gaur.
Nafarroan, orohar, egoera ekonomikoki eta sozialki erabat larria bada, are lazgarriagoa eta sostengaezinagoa da gazteen kasuan. Gazteen langabezia datuak benetan dira mingarriak. Iragan martxoan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuetako agentzietan 56.486 langabe zeuden izena emanda (%17). Adinaren arabera eta urtarrileko datuetan oinarrituz, 25 urtetik beherakoen artean langabezia tasa %50,94an kokatzen da; hots, 5.710 gazte langabetu.
Egunero ikusten dugu nola atzerapen ekonomikoa pairatzen dugun garaietan, lan hitzarmenek behera egiten duten eta langabetuak bikoiztu egiten dira. Baina gazteen kasuan, denboraldi horiek askoz zailagoak dira. Lan alorreko murrizketen lehen jomuga izaten dira gazteak eta, gainera, hezkuntza sistematik lan merkaturako trantsizioa ia ezinezko bilakatuko da. Krisi ekonomikoaren baitan, gazteak izaten dira ‘sartzen azkenak’ eta ‘irteten lehenengoak’.
Emaitza horiek adierazten dutenez, milaka gazteren ahalmena eta potentziala alferrik galtzen ari da; alegia, akademikoki oso ongi prestatuta dagoen belaunaldi oso batek ezin ditu bere ezagutzak lan merkatuan garatu.
Egoera horrek gazteek itxaropena galtzea dakar eta gizartean ezegonkortasuna areagotzea. Horrek ondorio larriak ekarriko ditu epe luzera; alde batetik lan merkatuan murgiltzen diren gazteek aurrera begirako ibilbidean duten itxaropen eskasagatik, eta bestetik, ondorengo belaunaldiek ikasketa luze eta nekezak asteko dituzten pizgarriak gutxituz doazelako.
Benetako lan aukeren eskasiaren ondorioz, gazteak ez daude gustura, ez dira aseta gelditzen euren lehen lan esperientziekin. Lan munduko lehen pausoak frustrazio egoera etengabe eta iraunkor bat bihurtzen dira. Honela, lan merkatura sartzeak ez du batere laguntzen gazteen autoestimu eta izaera eraikitzeko orduan. Horri gainera, lan baldintzen okertzea gehitu behar diogu. Lehen lan esperientzien ondotik, gazteak jabetzen dira dituzten lan baldintza kaskarrek ez dutela hobera egingo dutenaren itxurarik. Eta denborak aurrera egiten duen bitartean, behin-behinekoa zirudien egoera, behin-betiko zigor bilakatzen da.
Guzti hori, Nafarroako Gobernuak hezkuntza alorreko aurrekontuetan egin dituen murrizketen ondorioetan sartu gabe; zeintzuek ahalmen ekonomiko eta konpetitiboaren hazkundea ahultzen duten. UPNren Gobernuak onartutako Kontu Publikoetan hezkuntzara bideratutako aurrekontuak %6,36 murriztu dira. Ondorioz, Nafarroako gazteek Hezkuntza Publikoaren kalitatearen okertzea pairatu beharko dute eta zailtasunak izango dituzte unibertsitate publikoetako tasen gorakadari aurre egiteko. Askotan gertatzen da gazteek formazio eta espezializazio ikasketak utzi behar izatea beste erkidego batzuetan edo unibertsitate pribatuetan ikasteak dakarren gehiegizko gastuagatik; baita sistema publikoetan prezioak igotzeagatik eta diru laguntza publikoak gutxitzeagatik ere.
Aipatu beharra dago, halaber, Nafarroako gazteak UPNren hizkuntz politika baztertzailea modu zuzenean pairatzen dutela. Onartezina da gazteek goi-mailako ikasketak euskaraz burutu ezin izatea. Onartezina da gure gazteak beste erkidego batzuetara bidali behar izatea euskaraz ikasten jarraitu dezaten. Dena UPNren Gobernuak ez dituelako euren hizkuntza eskubideak errespetatzen, ez goi-mailako ikasketan, ezta derrigorrezko hezkuntzan ere, Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu bertako unibertsitateetan euskararen presentzia bermatzeko eta gure gazteak Nafarroan euskaraz ikasteko duten eskubidea errespetatzeko; horretarako baliabideak eskainiz.
Horregatik, ezinbesteko ulertzen dugu administrazioetatik laguntza ematea gazte horiei bizitzako etapa garrantzitsu horretan; bereziki, pairatzen ari garen krisi ekonomiko sakonaren aurrean, zeinek, gazteen garapenerako baldintzak are gehiago okertu ditzakeen. Ondorioz, euren eta komunitate osoaren etorkizuna itxiz. Nahitaezkoa da hezkuntzan inbertitzea eta gazteen artean enplegua sustatzeko plan zehatzak garatzea.
Nafarroak hezkuntza eta enplegu aukerak ugaltzen ez dituen bitartean, errotiko aldaketa ekonomiko eta soziala ematen ez den bitartean, gure gazteak sistema ustel eta jasangaitz baten ondorioak pairatzea zigortuta jarraituko dute.
Instituzio nagusien kudeaketan, baina, botere guneetan dauden politikarien azken kezka da herritarren interesak defenditzea. Ondorioz, behar-beharrezkoa da Nafarroa eredu horrekiko menpekotasunetik ateratzea. Gizartean agerikoak dira UPNren politikek eta kudeaketa kaskarrak ekarri dituzten murrizketa sozialei eta egoera ekonomiko eta sozial larriari aurre egiteko beharra eta urgentzia. Nafarroarentzat, eta bereziki, gazteentzat etorkizun oparo bat nahi baldin badugu, sistemaren ustelkeriari irmotasunez aurre egiteko beharra dago, gardentasuna eta hiritarren parte hartzearen aldeko apustu argia eginez. Gazte eta helduek, indar ezkertiar eta progresista guztiek, aldaketa politiko eta sozioekonomikoa bultzatzeko konpromisoa hartu behar dugu; murrizketa sozialek eragindako kalte larriak konpontzeko neurriak hartuz, zerbitzu publiko, kalitatezko eta unibertsala indartuz, hezkuntza eta osasungintza publiko, doako eta kalitatezkoak bermatuz, fiskalitate eredu berriak landuz, azpiegitura handien atzerapena eskatuz, enplegua sortu eta ekonomia berpizteko erabaki zehatzak hartuz, etab.
Horregatik, eta herritarren ordezkari gisa dagokigun arduragatik Yolanda Barcinaren eta UPNren Gobernuaren kontrako zentsura mozio bat babestuko dugu Nafarroako Parlamentuan. Helburu bakarra du: herritarrei hitza ematea, horretarako, hauteskundeak deituz. Izan ere, ekimen hau ez da gurea bakarrik, ez da ekimen parlamentario huts bat, Nafarroako errealitatean aldaketa sakonak izateko lanean dihardugun eragile sozial, sindikal, politiko eta herritar guztiena baizik.
Halaber, nabarmendu nahi dugu zein garrantzitsu eta beharrezkoa den gazteen konpromisoa eta parte hartze aktiboa Nafarroan aldaketa politiko eta sozioekonomikoa bultzatzeko.
Historiak erakutsi digu ikasle mugimenduak hainbat iraultzaren giltzarri izan direla eta arrakasta osoz parte hartu dutela herrien aldaketa prozesuetan. Zalantzarik gabe, Euskal Herrian gazteak beti izan dira borrokaren eta oztopoak gainditzearen adibide garbia. Gertutik ezagutzen dute demokrazia ez dela konkistatzen den egoera bat, baizik eta une orotan konprometituta dauden herritarren parte hartzea behar duen eta beharko duen prozesu irekia.
Gaur egun ere Nafarroako gazteak ez daude bertan bizi dugun krisi politiko eta instituzionaletik kanpo, hondamen ekonomiko eta sozialetik kanpo. Gainontzeko herritar guztien antzera pairatzen dituzte UPNren Gobernuaren ondorioak eta Iruñeko kaleak zeharkatzen dituzten protesta etengabeetan parte hartzen dute. Gazte elkarte ugarik erakutsi dute euren haserre eta amorrua UPNren politikekiko eta ustelkeria kasuekiko.
Horregatik, gazteak aldaketarekin konprometitu eta prozesuaren zati aktibo izatera animatzen ditugu. Gazteria da gure herriaren etorkizuna. Bere indarra, bere konpromisoa, eta bere sorkuntza, eraikuntza eta antolakuntza gaitasuna, gizartea arlo guztietatik etengabe eraldatzeko aktibo oso garrantzitsuak dira.
Jatorria: Eusko Alkartasuna