Martin Aranburu Karrera Asko hitz egiten ari gara aspaldian bakeaz eta normalizazio politikoaz. Eragile politiko eta sozial anitz ari dira bakearen inguruko beharrezko esfortzuak egiten, herri honek aspalditxotik behar duen benetako bakea helduko den eguna gerturarazten. Bejondeigula guztioi, eta lehenbailehen izan dezatela arrakasta esfortzu guzti horiek. Bada, halere, bestelakorik.
Erainkuntza nazionalaz ari naiz. Beharrezkoa, ezinbestekoa eta premiazkoa dugun nazio eraikuntza, hain zuzen ere. Eragile politiko eta sozial abertzale desberdinen artean egiteke dugun nazio eraikuntza. Guztien arteko esfortzuak areagotuz, eta ahal den neurrian behintzat, nazio eraikuntzarako herri honetako eragile desberdinek ditugun estrategiak bateratuz eta elkarrekin batuz. Egunero eragile bakoitzak egiten duen lana lagundu eta osatu nahian esperientzia berri bat jarriko da aurten martxan Euskal Herrian: urriaren zortzian Zarautzen egingo den lehendabiziko Nazio Eztabaida.
Nazio Eztabaidan ideologia desberdinetako ehunka abertzalek egingo dugu bat. Euskal Herriaren eraikuntza nazionala indartzeko asmoz, pertsona desberdinen arteko lan komun bati eman nahi zaio hasiera. Hainbat esparrutako gaiak izango dira aztergai, alderdi desberdinetan eragina duten atalak aztertu, eztabaidatu, adostu eta onartzeko asmoz. Inoren lana ordezkatu gabe: betiere, gehituz eta lagunduz. Eztabaida eta debateez gain, arratsalde-parterako antolatu diren lantegietan ikasteko parada ere izango dugu, eta era berean, parte hartze aktiboa nahi duen edozein eragilek aukera izango du bere lanaren emaitza jende artean aurkezteko. Hori guztia euskal jai giroan.
Euskal Herria askea izango bada, gure populazioaren gehiengo batek duen euskal kontzientzia nazionalaren ondorioz izango da, eta beraz, ezin dugu kontzientzia hori eratzean baliagarri izan daitekeen edozein tresna alboratu. Gaur egungo banaketa juridiko-politikoak errealitate banatu batean lan egitera behartzen eta ohitzen gaitu. Errealitate horrek egunez eguneko kalte isila baina etengabea egiten dio euskal kontzientzia nazional baten eratze eta indartzeari. Zazpi lurraldeetako perspektiba albo batera utziko ez duen bilgune politiko baten sendotzea, horregatik da hain garrantzitsua eta premiazkoa gure herriarentzat. Nazio Eztabaida arlo praktiko anitzez arituko da, zazpi lurraldeez osatuta dagoen errealitate banatu eta erdibitu batek inposatzen dizkigun muga politikoak gainditu nahian. Zazpi lurraldeetako perspektibarekin arazoak eta soluziobide posibleak planteatuz. Egun horretan Zarautzen bilduko garen ehunka pertsonak ez ditugu Euskal Herriarentzat formula magikoak topatuko, aldiz, ibilbide luze baten lehendabiziko urratsa dela pentsatu behar dugu: urtez urte indartuz, euskaldun gehiago erakarriz eta zazpi lurraldeetako perspektibarekin lan egingo duen elementu berri bat eskainiz euskal jendarteari. Ibilbide luzea izango da, baina hasi gaitezen oinez.
Jatorria: Martin Aranburu