Nazioartean Euskal Herriaren presentzia bermatu eta «elkartasun politika» gauzatu nahi du
Bost arlo nagusitan banatu du Eusko Alkartasunak Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainan defendatuko duen programa: «Baketze eta normalizazio politikoa; bizikidetza marko berri bat; garapen iraunkorra eta ingurumenaren babesa; sektore politikak; eta, Euskal Herriaren presentzia nazioartean. Atzo arratsaldean aurkeztu zuen programa Begoña Errazti EAko lehendakariak, Josu Erkiaga, Begoña Lasagabaster eta Pablo Larrauri, hurrenez hurren, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako zerrendaburuekin batera. Esaldi batean laburbildu zuen Erraztik EAren asmoa: «Nazio garapenak eta gizarte garapenak elkar hartuta joan behar dute». Hala, Euskal Herriaren eskubide politikoak defendatuko dituzte, baita «gizarte justuago baten eredua» ere.
Euskal Herrian baketze eta nomalizazio politikoa eman dadin, bi baldintza ezinbestekotzat ditu EAk: «ETA desagertzea» batetik, eta, bestetik, «Espainiako Gobernuarekin batera, gatazka humanizatzeko eta euskal gaia konpontzeko lagungarriak diren soluziobideak aurkitzen saiatzea». Hala, Espainiako eta Frantziako gobernuei «espetxe legedia betetzea» eskatu zien EAk. Gatazka gainditzeko «distentsio ahaleginak» beharrezko direla eta, euskal presoak «hurbiltzeko, kartzelatik ateratzeko eta gizarteratzeko politikoak beharrezkoak» direla deritzo Eusko Alkartasunak, bai eta «biktimei meneapen» edo kalte ordainak ematea ere. Era berean, gizarte eragileen «inplikazio handiagoa» aldarrikatu zuen. Bestalde, «PPren jarrera inmobilistaren» aurrean, bizikidetza marko berri baterantz jo behar dela uste du EAk; «marko juridiko berri bat» behar dela. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Estatutu berriaren Proposamena Madrilen ere defendatzeko asmoa duela azaldu zuen Erraztik. Ibarretxe Plana, baina, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen gauzapenerako urrats gisa du EAk. Hau da, hauteskunde programak jasotzen duenez, EAk «ideia propioen defentsari uko egin gabe, Bizikidetzarako Proposamena babestuko du, subiranotasunaren bidean aurrera egiteko bada».Ingurumenari dagokionez, garapen jasangarriaren aldeko apustua egiten dutela azaldu zuen Erraztik eta, horretarako, Kiotoko gailurrean hitzartutakoa bete beharra aldarrikatu zuen. Izan ere, «ekonomia eta ekologia ez dira bateraezinak», adierazi zuen. Sektore politiken atalari dagokionez, «gizarte justuago, orekatuago, aurrerakoiago eta solidarioagoaren alde» egingo dutela azaldu zuen EAko presidenteak.Nazioartean Euskal Herriaren presentzia bermatzea izango da EAren beste erronka nagusia. Ildo horretan, Europa egituratzeko proiektuan Euskal Herria nazio gisa agertzeko nahia azaldu zuen Erraztik. Hala, EAEren parte hartze zuzena aldarrikatu zuen «erabaki guneetan». Horrez gain, eta lurraldetasunaren aldarrikapena gauzatu nahiean, Nafarroarekiko lotura berezien defentsa egin zuen, etorkizunera begira Iparraldearekin ere gauzatzeko asmoz. Gainontzeko herrialdeekin, «elkartasun politika» eskatu zuen.
Jatorria: Begoña Errazti