Martin Aranburu
Egoera politikoaz kezkatuta, berri egarriz, egunero irakurtzen dira egunkariak, egunero entzuten dira irratiak, egunero ikusten dira telebista kateak eta egunero izaten da solasaldiren bat elkarrizketa kidearekin eta ziur naiz Euskal Herriko populazioaren gehiengo bat gatazka politiko honen konponbidea bideratuko duen prozesu politikoaren zain dagoela, non elkarrizketaren bidez, planteamendu desberdinak plazaratuko diren eta gehiengo batentzat onargarri izango den akordio politiko bat lortuko den. Beraz, jokatu dezagun arduratsu.
Zer da, ordea, arduratsu jokatzea? Lehendabizi, sortzen diren elkarrizketa foro desberdinetan parte hartzea proposatzailearen izen abizenak ahazturik. Planteamendu politiko oso aldenduak daude gure herrian, eta desberdintasun horiek higatzeko baliagarriak dira harreman politiko guztiak, proposatzailea edozein izanda ere. Eta bigarrena, eztabaida desberdinetan parte hartuko duten eragile ororen helburua konponketa izatea; ez, aldiz, norbere interes politikoen nagusitasuna bermatzea.
Udal hautetsien Biltzarrak Nazio Eztabaida-gunea abiarazi du. Eta Eztabaida-guneari aplikatu diezazkioke aipatutako bi ardura desberdinak. Alde batetik, ezinbestekoa delako, are eta gehiago, beharrezkoa, elkarrizketa, konfrontazio, borroka dialektiko prozesu horretan parte hartzea. Izatez, ikuspegi politiko batetik, onura asko eta galera bakarra ikusten baitiot elkarrizketa horietan parte hartzeari. Onuren artean, denen arteko zubiak eraikitzea, giza harremanak sustatzea, blokeo eta konfrontazio dinamika gainditzea, herrian itxaropena berriz zabaltzea eta planteamenduen arteko hurbiltzea. Elkarrizketa hauen garaipen osoa konponketarako baliagarri izango den hurbiltze bat litzateke, baina Itaca hori lortu gabe ere, aipatutako onura guztiak lortuak leudeke, eta, beraz, hurrengo saiakeran emaitza lortzea errazagoa litzateke. Eta galera? Bakarra, baina garrantzitsua. Hainbestetan erabilia izaten den kostu politikoa. Halere, nire buruari galdera bat egiten diot: existitzen al da kostu politikoa herri baten normalizazio politikoaz ari bagara? Zilegi al da kostua planteatzea herri baten arazoen konponketaz ari bagara? Nik ezetz uste dut. Eta parte hartzekotan exijitu beharrekoa da bigarren ardura: norberaren interesak alde batera utzita, jarrera konstruktibista izatea, eta objektibotasunez aritzea, Euskal Herria ez baita nahi genukeena, kalean dakusaguna baizik.
Prozesua ondo egiten ari den seinale da bertan parte hartzen duten eragileak publiko egin ez izana. Horretan jarraitu beharko lukeela uste dut. Argi izan behar baitugu, euskal gizarteari akordio politiko bat aurkeztuko zaionean, lehenaldira baino etorkizunera begiratzeko prest egongo dela. Gainontzekoa, historialari eta politikologo- entzako lana izango da.
Jatorria: Martin Aranburu