Legutioko Udal Gobernua, Nekane Garaigordobil alkatea buru, Gogora Institutua eta Aranzadi Fundazioaren ekimenez 36ko gerrako soldadu baten gorpua berreskuratzeko ekitaldian egon zen larunbatean.
Udalak udalerriko bizilagunen parte hartzea eskertu du, “nahiz eta guk nahi baino denbora gutxiagoz antolatu, azken ordura arte ez baikenuen ekitaldiaren berri izan”. Udal Gobernuaren ustez, “gorpua berreskuratzea eta behin betiko duintasunez lurperatzeko aukera, gure nagusiei, gerra Legutioko frontean bizi izan zutenei eta bertan borrokatu zutenei, egin ahal zaien omenaldirik onena” da.
Zentzu horretan, EH Bilduko alkatea eta Eusko Alkartasunako kideak gogoratu duenez, “Legutioko bataila, frontea udalerrian bertan egonda, latza izan zen soldadu zein zibilentzat, eta 1.500 hildako baino gehiago eta milaka errepresaliatu egon ziren”.
“80 urtez, norbaiten semea, senarra, neba edo aita lubaki batean egotea, lurperatze duinaren aukera ukatuz, zauri itzela da gizarte guztiarentzat”, salatu du Garaigordobilek. Horregatik, “denboran gertuago ditugun zauriekin zer ez dugun egin behar erakusten digu eta pertsona guztien giza eskubideetan oinarritutako elkarbizitza eraikitzera bultzatu behar gaitu”.
“Legutioko bataila oso kontu pertsonala da udalerriko familia askorentzat”, esan du alkateak bere kasua aipatuta: “aitite Nicasiori gerra amaitu eta urte askotara kendu zioten hankan zuen metraila eta urte horietan bizitakoak betirako markatu zuen, bere lagun ugari bezala”.