Martin Aranburu – Legebilzarkidea
Gaur egun egiten dudan lanaren aspektu interesgarriena Euskal Herriko gizartean dauden hainbat eragile sozialekin harremanetan jartzeko ematen didan aukera da; arlo askotako eragileen dinamikak ezagutzeko parada, alegia. Maiz ezagunak izaten dira elkarteak eta egiten dituzten lanak. Beste askotan, berriz, ordura arte niretzat erabat edo ia guztiz ezezagunak ziren aspektu berriak azaltzen dizkidate. Hori gertatu zen, adibidez, asteartean nekazaritza ekologikoan diharduen elkarte bateko kideekin bildu nintzenean.
Nekazaritza ekologikoaren berri orokorra banuen, baina aitortu beharra dut nik nekiena ez dela ezer sektore horrek duen eta izan dezakeen garrantziarekin alderatuz gero.
Edozein gizartetako lehendabiziko sektorean nekazaritza ekologikoak duen garrantzia gizarte baten garapenaren datu erakusgarrienetarikoa izan daiteke, nekazaritza mota honen oinarrian kontzientzia ekologiko oso sakon bat baitago. Hori dela-eta, Alemania, Austria eta Suitza bezalako estatuek garatu eta landu dute gehien.
Nekazaritza mota honen kutsu ekologikoa ez datza ekoizpen prozesuan bakarrik, produktua merkaturatzeko prozesua ere kontuan hartzen baita. Bizia den organismoaren funtzionamenduaren alterazio kimiko guztiak ukatu egiten dira, animalia zein landarea izan, eta, horrenbestez, landareak edo animaliak hazteko behar duen prozesu naturala errespetatu egiten da, eta ez dira erabiltzen berau azkartzeko edo indartzeko naturalak ez diren produktuak. Horretaz gain, merkaturatzeko eman beharreko urratsak ere zaindu egiten dira, ekologikoki edo naturalki hazi den produktuak bere kutsu ekologikoa galtzen baitu kontsumitzailearengana heltzeko kamioi batek seiehun kilometroan garraiatu behar izan baldin baditu.
Ekoizpen mota honen oinarria kalitate kontzeptua da; ez, ordea, kalitatea definitzen duten aldagai batzuk soilik kontuan hartuta, aldiz guztiak bere osotasunean harturik: zaporea, osasunerako bermea, elikagarri konposaketa eta beste hainbat.
Ez dira asko oraindik ekoizpen mota honetara dedikatzen diren baserritar euskaldunak, beren kopurua urtez urte igotzen bada ere. Euskal Herriko landen ezaugarriak kontuan hartuta, eta gaur egungo nekazaritza ustiaketa bortitzak exijitzen dituen ekoizpen mota basatiak kontuan hartuz gero, zentzuzko epe luzeko apustua izan liteke nekazaritza ekologiko baten aldeko lana, gure produktuen kalitatea hobetuko duena eta baserritarren bizi baldintzak ere hobetuko dituena.
Gaian aditua ez banaiz ere, elkarte horien lanaren meritua onartzen dut eta bere omenez pozten naiz artikulu xume honek irakurlearen gogoeta piztu baldin badu. –
Jatorria: Martin Aranburu