Nerea Martinez EH Bilduko Arabako batzarkideak Osoko bilkuran Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuari argindarra eta hidrokarburoak garraiatzeko hainbat instalaziok tokiko herri-jabaria esklusibotasunez erabiltzeagatiko eta baliatzeagatiko tasa berria abian jartzeari buruz galdetu dio.
Ekimen horren jatorria Ganbera honek 2020ko uztailaren 15ean gehiengoz onartu zuen zuzenketa da. Zuzenketa horretan, Arabako Foru Aldundiari eskatu zitzaion txosten juridiko-tekniko bat egin zezala, Arabako toki-erakundeen oinarri juridiko gisa, gai honen inguruko tasa berri bat ezarri eta onartu ahal izateko.
Nerea Martinezek jasotako erantzunaren aurrean, gogorarazi duenez, “zuzenketak 2021eko lehen hiruhilekoaren amaierako txostena egiteko epea ezartzen du. Mozio hau duela bi hilabete eta erdi onartu zela kontuan hartuta, eskertzekoa da txostena egiteko beharrezkoak diren mekanismoak jarri izana, baina Aldundiak lan hori ezarritako epean egin dezala eskatzen dugu”.
“Tasa iraunkorra da, eta gure herriko toki-erakundeei aukera emango lieke kopuru handi bat biltzeko, eta dituzten beharrak asetzeko erabili ahal izateko”, gaineratu du.