Nafarroako Eusko Alkartasunako presidenteak “askatasuna, elkarbizitza eta demokraziaren aldeko hitzarmenik egiten bada gure herrialdearen aniztasuna kontutan izan behar” duela esan du

Maiorga Ramirez Nafarroako EAko presidenteak Miguel Sanzek gaur goizean eginiko iragarpena kritikatu du, nafar presidenteak askatasunaren, elkarbizitzaren eta demokraziaren aldeko itun politiko eta sozial handi bat eskatzen duenean benetan bilatzen ari dena pentsamendu bakarra baino ez delako, eta hor soberan gaude UPNren ideiekin bat egiten ez dugun guztiok. Elkarbizitzaren eta demokraziaren aldeko benetako itun batek pluraltasuna aintzat hartu behar du derrigorrez eta pluraltasun horren adierazpen askatasuna errespetatzeko eta garatzeko bideak ahalbidetu behar ditu”.

Ramirezen esanetan, “Nafarroako Gobernuak eta UPNk indarkeria erabiltzen du berriz ere eta elkabizitza anitzaren aldeko benetako apustua sakrifikatzen du bere kudeaketa ekonomikoaren porrota ezkutatu nahian”. Sanzen Gobernuak “arlo politikoan zein sindikalean bazterkeria sistematikoa” sustatu duela gogorarazi du EAko agintariak eta horrexegatik “paradoxikoa” iruditzen zaio “hori egin duen gobernu bera orain elkarbizitzaren aldeko akordio zabal baten lidergoa hartu nahi izatea”.

“Dirudienez, Miguel Sanzek berak adierazi duenez, PSNk bere babes osoa ematen dio akordio horri; eskuin muturraren postulatuen menpe kokatzen da berriz ere PSN. Hau dela eta, elkarbizitzaren aldeko neurriak eta ekintzak sustatzea beharrezkotzat jotzen dugu, Nafarroan sentsibilitate ezberdinak daudela eta Nafarroa anitza dela onartuz; Sanzek esandakoaren kontrakoa, hain justu”.

“Ez dugu onartuko frankismoa gaitzetsi ez duen eta frankismoaren biktimei elkartasuna uko egin dien alderdi batek gizarte osoari bere moraltasun neurria inposatu nahi izatea. Elkarbizitza kudeatzeko ezinbestekoa da pluraltasuna irmoki defendatzea”, nabarmendu du Ramirezek.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna