Martin Aranburu Karrera Zalantza izpirik gabe gainera. Gehiago esango dut: Bazen garaia! Bilboko lasterketa zirkuituaz ari naiz, Bilborentzat eta Euskal Herriarentzat onuragarria izan dela uste baitut. Azaldu ditzadan nire argudioak.
Aldeko argudioetan sartu baino lehenago, aitortu egin behar dut, halere, kutsadura akustikoa izugarria izan zela. Uste nuena baina askoz ere handiagoa. Hiriko eta hiri kanpoko txoko askotatik entzun egiten zen burrundara, eta gainera, hainbat egun lehenago hiriak jasan zuen eraldaketa jasan izan behar genuen, bertakoei neurriz kanpoko deserosotasun bat sortuz. Egia da hori guztia. Eta zer esanik ez, zirkuituaren aurka plataformak darabilen argudioa: Bilbon badaude bestelako behar premiazkoagoak, eta beraz, alferrikako gastua izan da hainbeste baliabide gastu horretara bideratzea benetan premiazkoak diren beharrei bizkarra emanez. Hala eta guztiz ere, Bilbo lasterketa horren egoitza finko bihurtzearen aldekoa naiz, ahal bada gainera, World Series-ak ahaztu eta 1 Formulara jauzi eginez.
Auto eta moto lasterketek milioika zale dituzte munduan. Auto lasterketen ondorioz, Barhein izeneko estatu bat eta Katalunia izeneko eremu bat existitzen direla dakite milioika jarraitzailek. Olinpiar Jokoen eta futbol munduko txapelketaren antolatzailea izateaz aparte, ez da munduan, 1 Formulako auto lasterketak biltzen dituen ikusle kopurua bilduko duen kirol gertakizunik. Eta errealistak izanda, ez dut uste Euskal Herrian, epe motz zein ertainera Olinpiar Jokoak edo Munduko Futbol lasterketa antolatuko ditugunik. Lorgarriagoa da nire ustez Bilboko hiri-zirkuituan 1 Formulako lasterketa egitea. Herri batek estrategia asko bere egin behar ditu bere burua mundura aurkezteko, ahal den neurrian kirol eta kultura kutsua duten proiekzio elementuak topatuz. Zinemaldiak, sanferminek, Guggenheim-ek eta Euskaltel txirrindulari taldeak, salneurririk gabeko publizitatea egiten diote herri honi, kulturari eta kirolari garrantzia handia ematen dion herri legez aurkeztuz munduari. Auto lasterketek proiekzio hori biderkatu egin dezakete, epe motzera kuantifikaezinak baina epe luzera positiboak diren emaitzak lortuz.
Bada, gainera, egin beharreko beste analisi bat. Euskal Herrian motorzale asko da, ehunka kilometro egin behar dituztenak bere zaletasuna ase eta itxurazko auto lasterketa bat ikusi ahal izateko. Gutxienez bostehun kilometro egin beharrean, ikuskizuna ikusteko aukera etxean badaukagu askoz ere hobeto. Milaka euskal motorzale gustura.
Azken hausnarketa: Aste Nagusiak ez al du nahaspila handiagoa eragiten? Eta hark bederatzi egun irauten du! Zaila da guztiak beti poztea, baina behinik behin saiatu gaitezen guztiak behin edo behin poztea, hartara denak gusturago biziko baikara.
Segi oporrez gozatzen. Eta lanean bazabiltza, animo, gutxi falta da-eta!
Jatorria: Martin Aranburu