SARRERA

Honako agiri hau Euskadiko Batzorde Eragilean idatzi eta eztabaidatu da aurten, urtarrila eta otsaila bitartean.

Gero, ETAk su-eten iraunkorraren berri eman zuen, guztiok espero genuen iragarpen itxaropentsua. Sekulako albiste honek agirian hainbat aldaketa egitera behartzen du, baina, bakegintzarako eskakizun eta oinarrizko betebehar gisa hartuta, normalizazio politikoari buruzko mezu nagusia ez du eraldatzen.

Eusko Alkartasunaren aurreko Biltzar Nagusian etorkizuneko estrategiak diseinatu ziren, batez ere garai hartako egoera politikoa ikusita: PPren etsaitasunezko erasoaldia eta ETAren protagonismo tristea. Gure printzipio ideologikoei uko egin gabe, Estatutu berriaren proposamenaren inguruan ahaleginak batzearen aldeko apustua egin zen, proposamen hura zelako Bakegintzarako eta Normalizazio Politikorako tresna.

Ordurako argi utzi genuen gure jarrera gai honen inguruan. Bakegintzak ETA desagertzea eskatzen du nahitaez, baina kontua ez da horrekin amaitzen. Baketzea, noski, indarkeria errotik kentzea da, indarkeriaren bakearen aurkako atentaturik handiena delako; baina baketzea elkarbizitza normalizatzea ere bada eta, horretarako, euskal gizartean gatazkak eragiten dituzten arrazoiak ezabatu behar dira, hain zuzen ere ETA agertu baino askoz lehenagokoak diren arrazoiak.

Egia da: indarkeria eta bakegintza gai desberdinak dira eta inork ez ditu nahastu behar. Indarkeria desagertzea exijentzia etikoa eta autonomoa da. Normalizazioa eskubide-kontua da. Inor ez dago legitimatuta bata besteaz baldintzatzera. ETAk ezin du bere desagerpena eskubideak onartzearen baldintzapean ipini, eta Estatuak ere ezin du eskubideen aitorpena indarkeria desagertzearen baldintzapean jarri.

ETAren bidegabeko indarkeria ankerraren aurka gaude gu erabat, eta hori ez bakarrik haren ekintzek iradokitzen duten gaitzespen etikoagatik, baita ere politikoki ez dutelako ezertarako balio eta errespetuzko elkarbizitza anitz bat hondatzen dutelako; bizitzak suntsitzen ditu, baina baita ere politika eta gizartea konpontzeko eta berriz osatzeko ilusioak eta itxaropenak. Alde horretatik, bidezkoa da honakoa azpimarratzea: etika eskatzetik eta iritzi politikoetatik harantzago, gure gaitzespenak biktimekiko elkartasun-sentimendu bati erantzuten zion oinarrian eta giza zorigaitz horren aurrean beste edozein kontuk amore eman behar zuen.

Indarkeria aitzakiatzat hartuz eskubideak ukatzen eta proiektu politikoak atzeratzeko edo horiei uko egiteko eskatzen aritzen direnengana ere zabaltzen genuen gure gaitzespena. Horrela jokatzen dutenak baliteke bake-bila aritzea, baina ez normalizazio politikoaren bila, eta bi gauza horiek (bakegintza eta normalizazio politikoa) banaezinak dira EArentzat. Elkarbizitza baketu eta normalizatu esanahi zabalean egin daiteke soilik, arazoak eta horien arrazoiak baketzen eta normalizatzen direnean; ezin da bere indarkeriazko adierazpena bakarrik hartu kontuan horretarako.

Hori horrela izanik, gure ustez Eusko Jaurlaritzaren ekimenean, alegia, elkarbizitzarako ez ezik bakerako konpromiso bat bezala ere aurkeztu zen ekimenean, konponbide orekatu eta anitz bat aurreikusten zen normalizazio politikorako.

Puntu honen amaieran, ETAri exijitzen genion jarduera armatuari berehala uzteko eta desegiteko; eskatzen genuen, era berean, negoziazio-bide politikoa irekitzeko, irtenbide adostuak eta eraginkorrak bilatze aldera; eta baita ere eskatzen genuen Estatutu berriaren proposamenaren inguruan harrera positiboa izateko, normalizazio politikorako ekimen hori desitxuratu eta madarikatu ordez.

Bi urte hauetan aldaketa garrantzitsuak egon dira azaldutako panorama horretan, adierazgarriena, Estatuko Gobernuarekin egindako elkarrizketa eta negoziazioen ondoren, ETAren su-eten iraunkorraren iragarpena izan delarik.

Gertaera honen gailentasunak, ordea, ez du normalizazio politikoari dagozkion beste jazoera batzuen garrantzia estali behar; besteak beste, Eusko Legebiltzarrak onartutako Estatutuaren Erreformarako Proiektuaren blokeoa, iragarritako Alderdien Mahaia eta izango den negoziazio politikoa prestatzen ari diren Foroen lana.

Gorabehera horietako batzuk onak dira eta beste batzuk, aldiz, kezkagarriak, baina guztiek justifikatzen dute EAk normalizazioaren eta bakegintzaren inguruko hausnarketa politiko bat egitea batetik, eta negoziaziorako eta gatazkak konpontzeko ekimenen panorama berri honen aurrera jarrera bat hartzea bestetik.

Horretarako, ezinbestekoa da lehenik eta behin normalizazio politikoaz zer ulertzen dugun azaltzea.

I. NORMALIZAZIO POLITIKOA

· Zer ulertzen dugu normalizazio politikoaz

Normalizazioa faktore askoren baitan dago: sozialak, ekonomikoak, juridikoak eta pertsonalak. Baina, testuinguru honetan arazo jakin bati, euskal gatazkari irtenbide bat emateaz ari gara batik bat. Eta gatazka dago gizarteko gehiengoak asmo batzuk izanik asmo horiek ez direlako legerian behar bezala jasotzen, gizartearen gehiengoak nahi eta eskubide batzuk izanik nahi eta eskubide horiek ez direlako indarrean dagoen marko juridikoan behar bezala aurreikusten.

Gure helburua normalizazio juridikoa da, hain zuzen ere euskaldunek libreki adierazitako eta hartutako borondatearen eta erabakiaren araberako egiturak eta erakundeak dituen normalizazioa.

H. HELLER estatuaren teoriaren autore ospetsuaren hitzetan, gure asmoa da ARAUGINTZAk NORMALTASUNA kontuan izatea, horrela NORMALIZAZIOA lortzeko.

Beste era batera esanda, hiru kontzeptu horiek elkarrekin uztartzen dira dialektikoki; hala, marko juridiko legalak (araugintzak), gizartearen eskaerei (normaltasunari) erantzuten ez dioenean, normaltasunak araugintza behartu egiten du, aldatu arte. Hori da gure kasua. Azken baten, normalizazio politikoa Zuzenbidearen bitartez erdietsi nahi dugu, printzipio demokratikoekin bat ez datorren beste edozein bitarteko alde batera utziz.

Marko juridiko jakin bat 25 urte indarrean egon ondoren gizartearen gehiengoaren asmoei erantzuteko motz geratu denean, gizarteko elkarbizitza normalizatzeko, markoa aldatzea da bide bakarra normaltasuna eta araugintza, dena eta izan behar duena bat etor daitezen.

· Non dago euskal bat-ez-etortzea, arazoa edo gatazka?

Euskal arazoan, jatorriz desberdinak izan arren denboran bat datozen bi gai nahasten dira: eskubide historikoen aipamena eta autodeterminazio-eskubidearen aldarrikapena.

Beste hitz batzuetan esanda: alde batetik foru-arazoa dago eta nazio-arazoa bestetik; burujabetasun-arazo bat batetik eta independentzia-arazo bat bestetik.

· Foru-arazoa

Foralitate historikoa, erregimen Forala Herri baten edo, nahiago bada, Lurralde batzuen adierazpen legala eta instituzionala izan zen; beren ordenamendu juridikoa lortu zuten, erabakitzeko zuten ahalmenari esker.

Hau da, Foralitateak baditu alderdi objektiboak (eskubideak eta erakundeak) eta subjektiboak (erabaki eratzailea eta burujabetza).

Momentu historiko jakin batetik aurrera, errealitate politiko haiek, bakoitza arrazoi desberdinengatik, Koroarekin eta Monarkiarekin hartu-emanetan hasi ziren, Gaztelarekin lehenik, eta Austriar eta Borbondarrekin ondoren, baina ez zituzten horregatik beren jatorrizko eskubideak eta erakundeak galdu, babesteko hainbat mekanismo zituztelako (itunak, foru baimena…). Hau da, Monarkiari itunaren bidez atxiki ziren: askatasun osoz eta erabakia beren buruen jabe izanik hartuz.

Hartu-emanen erregimen hark beti izaten zituen liskarrak eta kontraforuak. Hasiera batean, sistema federal batean moduan garatu zen, zenbait autorek Monarkia federal hispanikoa bezala izendatzen zuten markoaren baitan, harik eta Borbondarrak heltzean ikusmolde unitario eta zentralista ezarri zen arte. Ikusmolde hura, gainera, XVIII. mendeko korronte ideologiko berriek eta aldaketa sozialek eta ekonomikoek indartu egin zuten.

Esan daiteke garai hartako bertako elite intelektualek foru-erregimena errealitate berrira moldatu beharraren aldekoak zirela oro har, baina ez XIX. mendean gertatu zen moduan. Mende hartan eragin frantziarrak zirela eta, Monarkiari atxikitzeko modu tradizionalaren lekuan politika eta lurralde mailan Estatu unitarioaren kontzepzio berriak ezarri ziren.

Hala, batzuk 1812an kokatzen dute euskal arazoaren sorburua, eta euskal arazoa da Euskal Herriaren gehiengoa ez zegoela eroso Estatu unitarioaren kontzepzio berrian, atxikimendu federalaren tradizioaren ordez frantses kutsuko tradizio bat ezarri zelako, ezarritako eta ez erabakitako batasun politiko eta administratiboaren obsesioa nagusi zuen tradizioa alegia. Konstituzio eredu amerikarra aplikatu izan balitz, hau da, geroago Pi eta Margallek aplikatu nahi izan zuten oinarri federaleko eredua aplikatu izan balitz, beharbada ez zatekeen foru-arazorik izango, eztabaida independentziari buruzkoa baino gehiago burujabetzari eta erabakitzeko gaitasunari buruzkoa baitzen.

Beste batzuentzat, berriz, euskal arazoaren sorburu 1839 eta 1876ko abolizio legeak dira. Lege haiek erasoaren kontrako erresistentzia-sentimendua sortu zuten eta sentimendu hura gaur oraindik gainditu ez den estatuaren deslegitimizazio kultura bihurtu zen. Lege haiek guztiek itxuraz Foruak berresteko idazkera bazuten ere, gero ez zituzten errespetatu, foralitatearen kontrako benetako erasoak izan ziren, batik bat Estatuari eta Gorte Nagusiei eman zielako erabakitzeko ahalmena, foru-erregimenari erabakietan parte hartzeko aukerak erabat kenduta.

Laburtzeko, foru-arazoa zela-eta Estatuak ez zuen gizartean erosotasunik eta legitimaziorik aurkitu, eta hori erakunde erregimen bat objektiboki kendu zuelako, baina batipat, euskal erakundeei erabakietan askatasunez eta itun bidez parte hartzeko eskubidea ostu edo kendu zielako.

Horregatik eta ordutik, foruak erabat berrezartzeko eskaerak, aurrena, eta eskubide historikoen aldarrikapenak, ondoren, alderdi objektiboa edo materiala dute batetik, eta subjektiboa bestetik. Alderdi objektiboa edo materiala da autogobernuaren edukiak (eskubideak eta erakundeak) berreskuratzea edo eskumen jakin batzuk EDUKITZEA; alderdi subjektiboa, berriz, erabakiak burujabetasunez edo elkarrekin hartzeko askatasuna da. Hau da, IZATEA eta EGOTEA. Historikoki, izatea estatuarekiko hartu-emanen sistema batean adierazi zen eta egotea, berriz, borondatezko elkartzean. Elkartze horri, gaur egun, atxikipen librea esaten zaio, ezbairik gabe izaera federala eta itunaren printzipioa oinarri duen atxikipena alegia.

· Nazio-arazoa

Era berean, XIX. mendean Europan beste ideologia indartsu bat gorpuztu zen: Nazionalismoa. Nazionalismoak, sorreran, ez zuen zerikusirik foru eta titulu historikoekin eta Estatu moderno gehienen sorrera justifikatzeko balio izan zuen.

Mugimendu berri hura, joera demokratikoko argudio ideologikoek bultzatu zuten batetik eta pertenentzia etnikoko emozio-irizpideek bestetik. Argudio ideologiko haiek norbanakoen eskubideen inguruko ideia liberalak eta demokratikoak talde etnikoetara eta nazio kulturaletara eratu zituzten eta, hala, norbanakoen askatasuna nazio askatasun bihurtu zen; emozio-irizpideen bidez, berriz, estatu independente moduan egitura politiko propioak sortzeko formularik egokiena aurkitu zen, nazionalitateen printzipioaren pean. Printzipio horren bidez, estatu-nazioa dogma frantsesa irauli eta nazio-estatu bihurtuko zen.

Nazionalitateen printzipioak, hasieran, nazionalismo etniko esentzialistak sorrarazi zituen. Nazionalismo haietan, eskubideen titularrak nazioak ziren, ez hiritarrak, eta, kanpora begira, estatu independente bat izatea zen asmo bakarra, eta hori aurretik zeuden historian zehar eratutako nortasun elementuak oinarri hartuta.

Gerora, printzipio hura demokratizatu eta modernizatu egin zen eta, hala, eskubide berri bat sortu zen, autodeterminazio-eskubidea, nazionalismo hiritarren berezko eskubidea. Nazionalismo-mota horietan hiritarren borondateak historiak baino pisu handiagoa du, nazioa izateko eta eratzeko borondateak aurrez nazioa izatearen ideiak baino pisu handiagoa du eta, aldez aurretiko titulu historikoak alde batera utzita, nahikoa da unean uneko Herriaren borondatea, bere barne eta kanpo erregimen politikoa erabakitzeko.

Ikuspegi horretatik abiatuta autodeterminazio-eskubidearen oinarria da askatasunez erabakitzea norberaren erregimen politikoa eta kanpo-harremanak. Eskubide horren adierazpenetako bat independentzia da, baina ez bakarra. Beraz, autodeterminazio eskubidea funtsean da herritarrek aurrez zehaztu gabeko erabakiak hartzeko duten burujabetasuna, aukera guztiak irekita daudelarik.

Burujabetasun horretan oinarritutako nazionalitateen printzipioak, berriz, estatu independentea aldarrikatzen du zuzen-zuzenean.

· Foru-arazoaren eta nazio-arazoaren bategitea

1876ko foruen abolizioak eta talde-frustrazioaren sentimendu orokor batek gizarte zatiketa handia sorrarazi zuen Euskal Herrian; bereziki, foruzaleen artean.

Foruen ordezkoa zen Kontzertu Ekonomikoen Erregimena onetsi zutenei “toleranteak” esaten zitzaien eta foruak berriro oso-osorik ezartzearen aldekoei, berriz, “intoleranteak”. Azken horiek 1839ko, aurreko egoerarekin lotuz, foru erakundeak eta eskubideak erabat berreskuratu nahi zituzten, jatorrizko burujabetzaren adierazgarri zirelako, eta, gainera, lurraldeak berirro batzea eta Nafarroarekin estrategia bateratu bat zuten helburu. Nafarroa beste lurraldeetatik urrunduta zegoen, 1841az geroztik.

Planteamendu hura abertzaletasunaren aitzindari izan zen eta Sabino Aranak bereganatu zuen. Sabino Aranak Foralismoa Nazionalismoarekin nahastu, Foruak Independentzia bezala interpretatu eta lehen abertzaletasuna azaldu zuen, nazionalitateen printzipioan oinarrituta.

Kontuak kontu eta foruen abolizioen ondorioz Euskal Herriak bizi zuen egoeraren bidez esplika daitezkeen konbinazio historikoak alde batera utzita, garrantzitsua da konklusio gisa esatea euskal arazoak —gogoratu arazoa dagoela estatua gizartearekin bat ez datorrelako eta estatuak gizartean ez erosotasunik eta ez legitimitaterik ez duelako— euskal arazoak, esan bezala, bi aurpegi dituela eta, ondorioz, bi konponbide egon daitezkeela:

a) irtenbide forala: burujabetza eskuratzea, eskubide historikoen bidetik eta botereak berreskuratuz.

b) irtenbide nazionala: estatu independente bat eratzea, autodeterminazioaren bidez.

EA bigarrenaren aldekoa da, lehenengoa gutxietsi gabe.

II. KONPONBIDE HISTORIKOAK

Kontzertu Ekonomikoaren Erregimenetik (1878) gaur arte, euskal gatazka konpontzeko saiakera guztiek irtenbide forala izan dute ardatz; baina, foru burujabetza Estatuaren batasunaren kontzeptuarekin bateraezina denez, konponbide forala inoiz ez da erabatekoa izan, eskubide historikoen erreserbari lotuta joan da beti.

· 1917. urtean, Euskal Herriko foru aldundien mezua izan zen lehen konponbide saiakera, batasun instituzionala eta politikoa oinarri hartuta. Eskumenak emanez, orduan indarrean zegoen autogobernua baino handiagoa lortzeko bideari ekin zitzaion, eskubide historikoei uko egin gabe. Beste modu batera esanda, EDUKI ziren eskumen batzuk estatuak eman eta berreskuratu egingo ziren, IZANari uko egin gabe.

· Espainiako II. Errepublikaren garaian, estatutu-egitasmoek formulazio berdina konbinatu zuten; hala ere, bide foralaren azkeneko idazkera momentu kritikoan onetsi zen eta, ondorioz, ez zen eskubide historikoen erreserbarik aurreikusi, nahiz eta aurreko egitasmo guztietan jaso, baita 1933an plebiszitatutakoan ere.

· 1978az geroztik indarrean dagoen Konstituzioak ere konponbide foralaren bidetik jo zuen, euskal gatazka, oraindik konpontzeko zegoen gatazka konpontze aldera: autonomia eta eskubide historikoak konbinatzen dira, autodeterminazio-eskubidea argi eta garbi ukatuz. Konstituzioaren aurretik konpromiso autonomiko bat hartu zuten PNV-PSOE-ESEI-PCE-DCV eta ANV alderdiek: estatutu-egitasmo bat egingo zuten, foruak berreskuratzeari uko egin gabe.

1978an, artean diktaduraren oroimena bero-beroan zela eta demokrazia hasi berria, zaintzapean eta gorpuztu gabe zegoela, ardura politikoak eskatzen zuena sinatu zen. Autogobernu edukietan oso urria ez zen Estatutua negoziatu zen, eta konstituzio mailan estreinakoz errekonozitu ziren Konstituzioa beraren aurreko eskubide historikoak, lege abolitorio historikoak propio derogatuz, konpontzekoak konpontzeko borondate keinu batekin.

Horrek guztiak formula autonomikoa aurkeztea ahalbidetu zuen, beste behin ere eskubide historikoak topagunetzat hartuta. Formulak borondate politikoaren baitan uzten zuen bere potentzialitateen garapena edukien interpretazio onbera eta “normalizatzaile” baten bidez.

Gutxi gorabehera 1981 arte, eta etengabeko tirabirak izan arren, bazirudien sistemak funtzionatzen zuela, eta egungo autogobernu maila eta bere finantziazioaren oinarriak sendotu ziren. Urte hartatik aurrera, Autonomia debaluatzeaz gain, normalizazio politikorako itxaropenak zapuztu zituzten gertaera batzuk gertatu ziren, bereziki PPren azken agintealdian: demokrazian atzera egiteko saiakerak, adituen txostena, LOAPA, konstituzioaren interpretazio murriztaileak, Oinarrizko Legeak zabaltzeagatiko edukien desitxuratzea, Paktu Autonomikoak, transferentzien blokeoak, Autonomiatik deszentralizatzaile hutsa zen kontzepzio administratibista indartzea, e.a…

Egungo Estatutua indar politikoen arteko zesio eta kontzesioetan oinarritu bazen, eta emaitza gatazkan zeuden interesen diagonala izanik, diagonal hori egun ia desagertu da. Magnitude politikoen adierazpen grafikoak egiteko mugen barruan, adibide bezala, topagunea edo oreka 1980an honela bazen:

gaur honako hau litzateke:

Paradoxa dirudi kultura arauzaleak konstituzioaren interpretazioa bere egin eta hango testuen potentzialitate politikoak kendu eta interpretazio-nahi legitimoak inskostituzionaltzat hartu, eta gero inongo eragozpenik gabe baliozkotzat hartzeak, botereari ongi zetorkionean, Koalizio Gobernuak eta Legegintza Paktuak eskuratzeko ordainsari eta trukerako txanpon bezala eskainiaz.

Dena den, gogoratu behar da Estatutua uneoro defendatu dutela Ajuria-Enean izan diren Gobernu guztiek, eta ahal izan diren bitarteko eta ekimen guztiak jarri direla hura berritzeko. Besteak beste:

- “Bakearen aldeko Mahaia” (1983). Ez zuen aurrera egin.

- “Estatutuaren garapenerako legebiltzarreko batzordeak” (1986-1990). Ez zuten eraginik izan.

- “Ajuria-Eneako Hitzarmena” (1988). Hasieran indarkeriaren konfinamentu demokratikora bideratu zen, bigarren fase batean arazo politikoari errotik heltzeko, baina bigarren fasera ez zen iritsi nahi izan.

- “Autodeterminazioari buruzko Eusko Legebiltzarraren Deklarazioa” (1990)

- “Ardanza Plana” (1998)

- “Lizarrako Hitzarmena” (1998)

- Ekimen zibikoak, akademikoak eta bitartekaritza intelektualak.

- “Konstituzionalismo erabilgarria eta eskubide historikoak” jardunaldiak.

25 urtetako ibilbide horren balantzeak, dagokigun normalizazio politikoa gaiaren inguruan, lorpen autonomiko garrantzitsuak ahaztu gabe, defizit hirukoitza uzten digu:

- autonomikoa Hitzartutako autogobernuaren eskumen-edukiei eragiten die.

- Foruetan oinarritutakoa Eskubide historikoen klausularen interpretazio murriztaileak Erregimen foralaren eguneratzea ikuspegi material-objektibora bildu du, Foralitatearen berezko burujabetzari dagozkion edukiak aintzat hartu gabe.

- euskal nazionalismoa beti errekonozimendu eta legalizazioaren zain, oinarrituta dagoen autodeterminazio eskubide zalantzagabea zilegi izan arren, sekulan abiatu gabe.

Ondorioz, egungo artikulazio politiko ereduak ez ditu konpontzeko zeuden arazoak konpondu eta euskal herritarren zati garrantzitsu bat, nazionalismoa oso osorik, Estatu ereduan tokia aurkitu ezinik dabil. Horregatik, etorkizuna jadanik ez da iragana konpontzea. Irudimena erabiliz eredu berriak bilatzeko garaia da.

III. ESTATUTUA BERRITZEKO EKIMENAK

Normalizazio politikoari ekiteko, bi gauza hartu behar dira kontuan gutxienez.

Lehenengoa, eskubideen eta marko legalaren arteko desorekari dagokiona. Normalizazio juridiko-politikoak funtsean egungo markoan deseroso sentitzen diren Euskal Herriko sektorearen aldarrikapen zilegiei erantzun behar die, eta ez marko horretan eroso daudenen aldarrikapenei.

Bigarrena, konponbide berriak gizartearen oreka bilatu behar du, gizartea zatitzeko biderik eman gabe, hartatik sor baitaitezke desnormalizazio arazo berriak.

Nola aurkitu elkarbizitzarako oreka hori? Jakina, azken erabakia herriaren borondateren esku utzi, eta legezko eta zilegizko konponbiderako irtenbideak emanda, elkarren aurkako interesen galdutako diagonala berreskuratuz.

Legitimitatea, Zilegizkotasuna da Zuzenbide edo Justiziara egokitzen dena. Legalitatea da legera edo araura egokitzen dena, eta hori Zuzenbidearen parte bat baino ez da.

Ikuspegi bikoitz honetatik, autodeterminazio eskubidea zilegia da, egungo legedian onartuta ez badago ere. Horri dagokionean, adierazpenak ematen du beldurra. Komenigarria izan daiteke erabaki askea sustatzeko printzipio demokratiko bezala aurkeztea.

Bigarren oinarriak, eskubide historikoen kategoriak, legitimitatea eta legalitatea uztartzen ditu. Egungo legedian – Espainiako 1978 ko Konstituzioan eta Gernikako Estatutuan – agertzen dira eskubide historikoak, eta beraz baieztatu dezakegu horietan ere finkatu daitekeela atxikimendu askea sustatzeko erabaki ahalmena ere. Kasu honetan konponezinak legalitatearen ingurukoak baino gehiago interpretazioari buruzkoak dira.

Hau da Eak azken Kongresuan defendatu zuen gutxienekoa, autodeterminazioaren bidez Estatu propioa sortzeko aspirazio legitimoei muzinik egin gabe. Eta arrazoi horrengatik babestu zuen gure laguntzarekin Eusko Jaurlaritzak egin eta gero Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Estatutua Berritzeko Proposamena.

· Estatutua Berritzeko Proiektua

Proposamen hau bere garaian Normalizazio eta Elkarbizitzarako Proposamen bezala aurkeztu zen. Gizartea orekatzeko eta normalizazio politikoan aurrera egiteko elementuak dosi desberdinetan integratzen zituen, legalitatea, legitimitatea eta herriaren erabakia uztartuz.

Aurrerakada normalizatzaileak, beste behin, foru-arazoa konpontzeko bidea zeraman, Estatuarekin Atxikimendu askea erabakitzeko burujabetza onartzen zuen eta, hitzarmenaren instituzio zaharra berpiztuz eta bestelako aukerak alboratuz.

Gauzak horrela, nahi zen azken emaitza bezala behintzat, Estatuan txertatzea ez baizik nola txertatu zalantzan jartzen zutenen aldetik harrera abegikorragoa izatea.

Hori guztia dagozkigun eskubideak aldez aurretik onartuta: eskubide historikoak eta autodeterminazio eskubidea bereziki, azken hau Estatuan borondatez txertatzera bideratuta. Planteamendu honekin legitimitateaz gain legalitatea bermatzen zen, Konstituzioak eta Autonomia Estatutuak babestutako eskubideen interpretazio sakon baten bidez, Xedapen horien potentzialtasunak erauziz.

Ekimen hau, dakigun bezala, Euskal Herritar gehienen aspirazioak betetzeko lain ez bazen ere, hasieratik deskalifikatu zen, interpretazioan deformatuta, eta azkenik Gorte Nagusiek gutxietsi egin zuten kontuan hartu ere egin gabe.

Normalizaziorako elkarrizketarako eskaintza honi emandako burutik beherakoa demostratu gabeko bi kontuokin justifikatu nahi izan dute: inkostituzionala zela eta gizartea desintegratzen zuela.

Lehenengoaren gainean hitz egiteko ez dira orrialde hauek. Aski da gogoratzea aldeko azaldu zirela Zuzenbideko zenbait aditu, Foro akademiko eta profesional. Bigarrenari dagokionean, komeni da ez ahaztea prozesuan zehar parte hartzera gonbidatu direla: hiritarrak, adituak eta alderdi politiko guztiak.

Orain gutxi egin den Catalunyako Estatutaren Proiektua aintzat hartzeko debatean, argi geratu da Gobernu Zentraleko bozeramailearen argudio ahulezia. Azkenean, Legegintza Ganbara desberdinetan Proiektu bati eta besteari emandako tratu diferentea argudiatu behar izan du. Hori guztia, noski, PSC-k Catalunyako Gobernuaren kontrola ziurtatzeko interes partidista helburu duen begi bistako tratu diskriminatorioa ezkutatzeko.

Kuriosoa bada ere, oraingoan inkostituzionaltasun zantzuak ez ziren izan aintzat ez hartzeko aitzakia, baizik eta emendakinak egin eta negoziaziorako eta konponbiderako itxaropena. Halako aukerarik ez zioten inoiz eman Euskal Proiektuari.

· EA-ren Estatutu aurreproiektua

EA-k iragarri zuen azken Kongresuan Eusko Jaurlaritzaren ekimena babesteak ez zuela galaraziko bere testu propioa prestatzea, asmo handiagoko helburuak izango dituen testu bat, Estatutuetan, Kongresuan eta argitalpenetan azaldutako ideia politikoekin koherente izanez.

Dokumentu hau Exekutiba eta Batzar Nazionalei aurkeztu zitzaien. Autodeterminazioan gehiago oinarritzen da eskubide historikoetan baino, eta normalizazio politikoari klabe nazionaletik ekiten dio foraletik baino gehiago. Filosofia desberdin batetik zabaltzen ditu eskumen esparruak eta instituzionalak eta Euskal Herriaren Botereak, abieratik ezarritako mugarik onartu gabe, eta Euskal Lege Nazionala eta Estatuarekin Harremanetarako izango litzateke.

Proiektu hau, aurkeztu ondoren, zuhurtziz jasota geratu da gertaeren zain, Gobernuaren Proiektuarekin ez nahasteko, postulatu aurreratuagoak defendatzea inkoherentea ez zeneko uste osoarekin eta ekimen laburragoak babesteko, beti ere norabide eta norantza aldaketarik suposatzen ez dutenean behintzat. Beraz, independentziarako bideak subirautzatik pasatzea eskatzen bazuen, subirautza graduatu eta mugatu baten proiektua babesteak ez zuen etorkizuna hipotekatzen.

Hala ere, EA-k jakinarazten du, datozen gertaera berrien aurrean, eta konplizitate eta ezkutuko hitzarmenak suma daitezkeelarik, burujabetzaren filosofia desnaturalizatzen duen edozein ekintza bideratuko balu Eusko Legebiltzarraren Proiektuak, babes emateko konpromisotik aske geratuko litzatekeela eta bere Proiektu propioa planteatzeko askatasuna izango lukeela.

IV. PRESTAKUNTZA MAHAIAK ETA KONPONBIDE FOROAK

Azken aldian, ugaldu dira izen desberdinekin euskal gizartearen normalizazioa eta elkarbizitza baketsura iristeko behin betiko konponbiderantz doazen ekimenak.

Une honetan, zehazteke dagoen ekimen ofizialeko Alderdien Mahaiaren proiektuarekin batera, martxan izan dira Gogoeta Anitzeko Mahaia, Eginoko Mahaia ere deitu izan zaiona, eta Foro Nazionala. EA-k guztietan hartu du parte ardura eta konpromisoarengatik, ekimenen jabetzarengatik tirabiran ibili gabe.

· Eginoko mahaia

2004ko maiatzetik 2005eko maiatzera funtzionatu du Elkarrik deitutako elkarrizketa foro honek. Bertan, maila pertsonalean, baina beren alderdiek jakinda eta bakoitzaren ejekutibak babestuta EAEko eta NFEko partidu politikoekin lotura duten pertsonak bildu dira: PNV – PSE–EE – EA – IU – ARALAR – CDN – PSN eta IUN.

Lan horien emaitza izan dira partaideek edo beren alderdiek sinatutako 3 proposamen alderdien arteko elkarrizketa prozesu erresolutibo bat ahalbidetzeko.

Lehenengoan hitzarmen eta disensoei buruzko hitzarmena planteatzen da, lehenengoen artean azpimarratuz:

· elkarrizketak ekarri behar duela irtenbidea

· inor albora utzi gabe alderdi politiko guztiei irekitako eta indarkeriarik gabeko giroan egindako negoziaketek izaera erresolutiboa izatea

· marko juridikoaren izaera moldagarria onartzea. Moldaketak prozedura demokratikoen bidez eta eskubide historikoen bidetik eginez

· Euskal Gizartearen aniztasuna kontuan hartzea

· Lotura sozialak, kulturalak eta hizkuntzak lotzen duen Herri bat badela onartzea, nahiz eta herri hori sujeto politiko bezala onartzeko adostasunik egon ez.

· EAEk, NFEk eta Akitaniako euskal lurraldeek osatzen duten errealitate anitzak, bereizita bada ere, duen erabakitzeko ahalmena onartzea

· Euskal Lurraldeen arteko harreman eta lankidetza marko egonkorra finkatzea

· indarkeriarik eta bazterketarik gabe: erabakitzeko eskubidea eta hitzartu beharra oinarri horren gaineko hitzarmenen errespetua eta efikazia bermatzea

Bigarren proposamenak konpromiso hauek ditu:

· Bi elkarrizketa mahai osatzea, bat EAEn eta bestea NFEan.

· Giza-eskubide guztiak errespetatzea

· Berme demokratikoak

· Erabaki eta galdeketa ahalmena eskubide historikoetan oinarritzea

· Erabaki ahalmena hitzarmen printzipioarekin armonizatzea eta ez unilateralidadea.

· Euskal Lurraldeen artean harreman markoak finkatzea.

Hirugarren eta azken proposamenak, lehen kontsentsu baterako oinarri bideragarriak aurreratzen ditu:

· konstatatzea badela autodefinizio identitariorako aparteko borondatea, oraindik erantzun gabea, eskubide historikoen bidez konstituzionalki onartua

· autodefinitzeko eta bere “status politikoa” definitzeko ahalmena, eskubide historikoek ematen dioten legitimazio espezifikoan oinarrituta

· Berrikuntza prozesuak abiatzeko eta Estatuarekin negoziatzeko herri kontsultak egin “statusa” autodefinitzeko eta etorkizunari buruz

Konpromiso hauen balorazio positiboa egiten du EA-k, emaitza aurrefinkatzen ez badu ere, onartzen baitu erabaki ahalmena edo subirautzan oinarritzen den prozedura bat, klabe foralean bada ere eta ez nazionalean, gure eskubide historikoen interpretazioa eta potentzialtasuna asumitzen dituelarik.

Bistakoa da printzipioen dokumentu bat dela, ez edukiena. Gainera, aipatutako alderdiek onartu duten neurrian, normalizazio politikoa oraindik garatu gabeko klabe soberanista mugatuen bidetik ikusteko joera suma dakioke.

Aldekoa du, era berean, euskal espektro politikoaren partehartze zabala, PP eta Batasuna bezalakoen hutsune nabarmena duen arren.

· Nazio Eztabaidagunea

1999ko azaroan ETAk su-etena bertan behera utzi izanak, euskal gizartearen esparru zabal batean frustrazioa sortu zuen ikusita beste behin ere ez zitzaiela kasurik egin bere ahotsari, bere hitzari, giza-eskubide guztiak errespetatzeko bere eskaerari. Horrez gainera, Batasunarenganako mesfidantza giroa sortu zen esparru politikoan.

Hasierako uneak igarota eta egoera berbideratzeko eta su-etenera itzultzeko ahaleginak zapuztuta, gertatuari buruzko analisi eta gogoeta prozesu bati ekin genion, eta horrek balio izan zigun prozesuan zehar egindako bi akats nabarmentzeko:

· hiritarrekiko komunikazioan arazoak. Horren ondorioz gizartearen zati bat baztertua eta mehatxatua sentitu zen.
· Indar politiko errepresentatiboek hurratsak emateko eta ekimenak sustatzeko izandako eztabaida, gogoeta, partehartze eta hitzarmen eskasia.

Horrekin batera lehengoari eusten genion, konbentzituta geundelako arazo politikoen irtenbideak bide politikoetatik bakarrik etor daitezkeela, alderdi politikoen arteko elkarrizketaren bidetik. Horretaz konbentzituta, beste alderdi politikoez gain, etengabeko elkarrizketa izan dugu urte hautan Batasunarekin. Lizarrako akordioaren aurreko garaiak erakutsita fase honetan bereziki zuhur jokatu dugu, prozesu demokratiko baterako gutxieneko bermeak finkatuz eta beste behin ere Eusko Alkartasunan beti mantendu eta defendatu duguna berretsiz: politika-indarkeria joku bikoitza ezin dela onartu.

Euskarri horiekin eta eskatutako bermearekin ekin genion elkarrizketa eta lan prozesu bati eta handik etorri zen Nazio Eztabaidagunea. Esparru politiko eta sozial desberdinetako pertsonek hartu zuten parte beraien izenean eta Eusko Alkartasunak zenbait kide ere partaide izan ziren.

Nazio Eztabaidaguneak, 2003ko uztailetik 2004ko apirilera bitartean egindako lanaren ondorioz, bertan adostu ziren oinarrizko bi ekarpen egin zizkion bake eta normalizazio politikoaren prozesuari:

a) Eraikuntza nazionala eta bakegintza eta normalizaziorako lan esparru bereiziak behar dira, Euskal Herriaren aspirazio nazionaletan parte hartzen ez duten zenbait ajente ezinbestekoak direlako bakea lortzeko.

b) Euskal gatazka termino nazionaletan identifikatzea, Euskal Herria ez onartzea eta beraz, dagozkion eskubideak ukatzea.

Diagnosi horren ondorioz Gatazkaren Konponbiderako Mahaia osatu zen, Oinarrizko Hitzarmen Demokratiko baten premisaren gainean. Hitzarmen honek Euskal Herriaren gaineko ikuspegi desberdinak bat datozen formula bat sintetizatzea du helburu bere formulazioan:

“Euskal Herriko hiritar guztiei galdetu behar zaie etorkizunari buruz, euren ajenteek adostutako prozeduraren bidez”.

Hitzarmen horretatik abiatuta elkarrizketa aldi bati ekin zaio, konponbidean zerikusia duten ajenteekin, 60 guztira: alderdi politikoak, sindikalak eta sozialak; nahiz eta, oraindik ordezkaritza ez den erabatekoa. Planifikatutako lanak hiru zutabe nagusi ditu:

· alderdi politikorik ez baztertzea
· arau demokratikoen arabera parte hartzeko borondatea
· konponbide Mahaiaren eskura jartzea egindako lana, adostasunerako ahalegina eta Oinarrizko Hitzarmen demokratikoa

Azkenik, printzipio hauek proposatu ziren behin betiko Mahaia Osatzeko:

· irekia, zabala izatea eta inor ez baztertzea
· guztiek osatzea
· euskal hiritarren partehartzea bermatzea
· Euskal Herriko Lurralde guztien partehartzea bermatzea
· hiritarren eskubide guztiak aldarrikatzea
· azken hitza herritarrei ematea, hartarako formulak adostuz
· Euskal Herriaren historia eta aniztasuna onartzea sentsibilitate desberdinak bilduz hitzarmenak egiterakoan
· nazioarteko behatzaileak izatea prozesua ahalik eta sendoena izateko

Ekimen honek prozesu normalizatzaileari klabe nazionalean ekiten dio, autodeterminazioaren bidetik, lurralde arazoa eta sujeto politikoa ere bere baitan hartuz.

Etorkizuneko Partiduen Mahaia prestatzeko ekimen hauetan EA egoteak, berez partehartzearen alde egiten du. Hala ere, beharrezkoa da EAren postura zehatzago argitzea.

V. EA ALDERDIEN MAHAIAREN AURREAN

EAk normalizazioa eta bakegintzaren alde egiten du. Normalizazioa legeak eskubideak onartzean datza, eta horrek eskatzen du, hiritarren borondatearekin bat datorren barne eta kanpo marko juridikoa ematea, eta ondorioz, euskal herritarrak gustura sentitzen diren elkarbizitza sistema anitza ezartzea.

ETAk bere jarduera gelditzeak bakegintzari eman dion sekulako aurrerakada behar bezala aintzat hartuz, normalizazio sozial eta juridikoa lortzeko euskal gatazkari erraietatik heldu behar zaio, erabakitzeko eta burujabe izateko bere eskubide historikoak eta Herri bezala dagokion autodeterminazio eskubidea ukatzetik abiatzen baita euskal gatazka.

EA alderdi independentista da eta normalizazio politikoa arazo nazionala autodeterminazioaren bidetik konpontzea da. Hala ere, eta helburu horri muzin egin gabe, onartzen du erabaki-burujabetza berreskuratzea urrats positiboa dela eta aurreko egoerarekin alderatuta aurrerapauso garrantzitsua egin daitekeela, guztiek errespetatutako autogobernu serio baten edukien garapenaz lagunduta beti ere.

Orain arte landu ez bada ere, etorkizuneko Mahaian landu beharreko normalizazio politikoari dagokion beste kontu bat lurralde integrazioa eta sujeto politikoari dagokiona da.

Euskal Herria esaten diogun giza eta kultur Komunitatea politikoki Estatu eta Komunitate Autonomoetan banatua badago ere, eskubidea du entitate politiko batean integratzeko, Herri eta Nazio bezala dagokion Autodeterminazio eskubidearen baitan, Iparralde eta Nafarroaren errealitate sozialaren eta bertako hiritarren erabakira egokituz.

Eskubidea aldarrikatuta eta erabakia errespetatuta, EAk espazio politiko bakarra prestatzeko eta ahalbidetzeko erakundeak finkatzeko eskatzen du, zilegizko aspirazio horren alde.

Horren ondorioz, EA-k adierazten du:

1. Borondatea du ALDERDIEN MAHAIAN parte hartzeko. Alderdi politiko guztiak biltzen dituen mahaia, bazterkeriarik gabea, jarrera irekikoa eta adostasunezkoa. Mahaian bilduta erabaki erabakitzaileak eta efikazak hartzeko Legebiltzarreko Ganbarak onartutako Erreforma Proiektuko gutxieneko oinarrien gainean.

2. Euskal Gizartea ordezkatzen duten alderdi politikoei dagokie negoziazio politikoa. ETAri, edo bere mintzakideei, Estatuarekin presoen etorkizuna eta armen entregatzea negoziatzea dagokie bakarrik.

3. Ondorioz, ez dugu egokitzat jotzen bakegintza eta normalizazioa bereiztea, azkeneko hau lehenengoaren parte haustezina baita; beraz, Alderdien Mahaia berehala eratu eta Euskal Erakundeekin ibilbide-orria negoziatzearen alde egiten dugu.

4. EA-k ez die uko egiten bere nortasun ezaugarri politikoei: Euskal Nazioa onartzea eta Estatua osatzeko autodeterminazio eskubidea.

5. EAk onartzen du Euskal Gizartearen aniztasuna, eta prest dago printzipio ideologikoei muzin egin gabe, beste alderdi politikoekin batera Euskal Herriaren eskubideak eta horien onespen soziala uztartzeko irtenbiderik egokienak bilatzeko.

6. EAk ulertzen du, gaur egun, interesen oreka eta legalitatearen eta legitimitatearen uztarketa Eusko Legebiltzarrak onartutako Estatutu Proposamenean datzala. Uste du eduki horiek baina gutxiagorekin nekez aurkituko dela irtenbide armonizatu eta normalizatzailea, negoziazioak eta ekarpen puntualak kaltetu gabe.

7. EAk, aipatutako testuaren alternatiba desberdinak aurkezten badira, bere Proiektu propioa aurkezteko eskubidea du.

8. Metodologia egokiak, hitzarmen erregimenak, ordezkaritza, maiztasuna, bermeak eta beste zenbait gauza garrantzitsu finkatzeaz gain, negoziaketek gai hauek jorratu behar dituzte gutxienez:

· Euskal Nazioa onartzea
· Eskubideak
· Lurraldetasuna
· Subjektu politikoa
· Autogobernu Edukia (Eskumenak eta Botereak)
· Burujabetza fiskala eta finantzarioa
· Estatuarekin harremanetarako eredua
· E.B.ren onespena
· Berme erreziprokorako mekanismoak
· Onespen prozedura
· Galdeketa prozedura

Jatorria: Eusko Alkartasuna