NUPean euskara indartzearen aldeko apustua berretsi du EH Bilduk gaurko Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran. Batetik, erakundearen euskalduntze orokorraren alde egin da eta bestetik Erizaintza Gradua euskaraz jartzea eskatu. Miren Aranoa eta Esther Korres, EH Bilduko legebiltzarkideak eta EAkideak izan dira koalizioaren aldarrikapenen bozemaileak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan Erizaintza ikasketak euskaraz egiteko aukera zabaldu dadin eskatu du EH Bilduk onartu egin den mozio baten bidez. Esther Korres, EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, nafarren hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezko neurria da, alde batetik Erizaintzara iristen diren ikasleen %30 euskaldunak direlako eta bestetik horietako askok sistema publikoan lan egingo dutelako gero.
Korreskek salatu duenez, egun Nafarroako Unibertsitate Publikoan duela 30 urte zegoen euskarazko gradu osoaren eskaintza berdina dago: Magisteritza. “Alegia, NUPek ez du bere historiako 30 urteetan gradu oso bat euskaraz emateko ahaleginik sekula egin”, esan du legebiltzarkideak, eta hau ez da zilegi, gehitu du, “hezkuntza ibilbide osoa euskaraz egin duten ikasle askori ukatzen baitzaie unibertsitateko ikasketak euskaraz egiten jarraitzeko aukera”.
Izan ere, egun Erizaintzako ikasleen erdia baino gehiago euskalduna da eta, aldiz, Erizaintza Eskolan eskaintzarik urriena dago: Graduak osotara 252 Kreditu ditu eta euskaraz 12 eskaintzen ditu 2017/2018 ikasturtean. Hau da, laburbildu du Korresek: “Euskarazko ikasketen eskari potentzial handiena izateko baldintzak betetzen diren tokian, hortxe da eskaintzarik urriena”.
Eta bestetik, erizain asko zerbitzu publikoetako langile izango direla kontutan hartuta, graduan euskara sartzeak “herritarrek Nafarroan osasungintzan euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatzen lagunduko du”.
Medikuntza Gradua
NUPan Medikuntza Gradua sortzeko beharra defendatu du Miren Aranoak gaurko Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkura berdinean, eta gizartearen eskaerari erantzuna emango dion euskarazko graduak ezartzea ere.
EH Bilduko legebiltzarkidea eta Nafarroako EAko koordinatzailea den Miren Aranoak horrela erantzun dio PSNk aurkeztutako mozioari. Sozialistek planteatutako “NUPari XXI. mendeko beharrei egokitu dadin bultzada ematearen beharrarekin” bat datorrela esan du Aranoak.
Hala ere, legebiltzarkideak esan duenez, EH Bilduren lehentasunak bi dira, gehien bat. Alde batetik, Medikuntza Gradua ezartzea, “eskaera sozial handia duelako, gure Unibertsitatearentzat ardatz estrategikoa delako, eta bai ikasketa mailan baita ikerketa zientifikoaren arloan esan nahi duenagatik”. Bestetik, hainbat gradu euskaraz ematea, ikasleen %30 euskalduna den errealitatearekin bat egiteko.
Azkenik, Tuterako Kanpusaren garapenari buruzko ikerketa egin dezan eskatu dio Aranoak Parlamentuari.