Arabako Batzar Nagusiek Osoko Bilkuran gaur eta lehen aldiz ondarea eta bioaniztasuna uztartzen duen onartu den ekimenaren garrantzia azpimarratu du Lorena López de Lacallek. Historia ondareko eraikinen birgaitze prozesuetan bertan bizi eta hazten diren espezieen –animali zein landare- bioaniztasuna errespetatzeko prozesuak arautu ditzan eskatu zaio Foru Gobernuari.
Egun lanak hasi aurretik txosten arkeologikoa eskuratzea beharrezkoa den bezala, hemendik aurrera ingurumen txostena beharrezkoa izatearen garrantziaz ohartu du batzarkideak. “Irizpide eta baldintza guztiak gehi eraikin zaharren birgaitzean praktika onak, publiko zein pribatuak diren Foru Arau batean biltzea beharrezkoa da, ingurumen arloa ere sartuta”, esan du López de Lacallek.
Birgaitze lanetan zulo guztiak ezabatzen badira, zurean tratamendu toxikoak erabili edo zuzenean habiak kentzen badira, adierazi du, “espezie horiek gure ingurumenetik botatzen ari gara”. Gauza bera gertatzen da basalandareekin, “izan ere eraikin zaharretako hormek zaindu beharreko bertako landare interesgarriak izaten dituzte”. Beraz, “birgaitzea eta babestutako espezieen zaintza uztartzen duen Foru Legea izatea da kontua”.
EH Bilduko batzarkidea eta Eusko Alkartasunako Kontseilu Nazionaleko kideak Foru Araua hiru hilabeteko epean aurkezteko eskaera egin du, horrela legegintzaldi amaierarako prest egongo baita.