Euskera eta Euskal Herriari eraso egiten zaio eta berez, gaztelaniaren monopolioa defendatzen da
Eusko Alkartasunako Euskara, Hezkuntza eta Kultura idazkari Onintza Lasak gazteleraren ustezko defentsaren mozorropean euskararen eta Euskal Herriaren aurka jotzeko egiten ari den errealitatearen erabateko manipulazioa salatu du gaur goizean Donostian eginiko prentsaurreko batean, espainiar ultraeskuina egunotan sustatzen ari den manifestua dela eta. “Bere Espainiaren ideia kolokan jartzen duen orori beldur dion nazionalismo espainolaren erasoa jasaten ari dira beste behin ere gure hizkuntza eta gure hezkuntz sistema; beraientzat euskara ez da ondasun kulturala, bere herriaren batasunerako arriskua baizik”, adierazi du Lasak.
EAko agintariaren esanetan, “Euskadin gaztelania arriskuan dagoela esatea zeharo barregarria da; hemen arriskuan dagoen hizkuntz bakarra euskara da eta gure hizkuntz eskubideen urraketa egunero pairatzen dugunok euskaldunak gara, batez ere Nafarroan eta Iparraldean, non euskarak sekulako jazarpena pairatzen duen”.
“Gaztelaniaren monopolioa inposatu eta euskaldunon eskubideen urraketa betikotu nahia” leporatu die Lasak kanpaina honetan parte hartzen ari direnei. “Euskal gizarteari bizkarra emanda bizi dira”, nabarmendu du gainera; izan ere, 2008/09 ikasturterako Haur Hezkuntzan izandako aurrematrikulazioak gizarteak euskararen aldeko apustua egiten duela agerian utzi du: ikasleen %70 baino gehiago D ereduan daude; A ereduan, aldiz, % 5 baino gutxiago.
Espainiar Gobernuaren helegitea euskal curriculumaren aurka
Eusko Alkartasunako Euskara, Hezkuntza eta Kultura idazkariak Hezkuntza judizializatzea egotzi dio espainiar Gobernuari, Euskal Curriculumean “Euskal Herria” erabiltzearen aurkako helegite baten aurkezpena iragarri baitu. Onintza Lasaren aburuz, “ez dago helegitea justifikatzeko inolako arrazoirik, ez juridikoki, ez pedagogikoki; beraz, arrazoiak soilik politikoak direla pentsatu beharko dugu: PSOEk eta espainiar Gobernuak Euskal Herria deitzen den errealitate sozial, kultural, historiko eta geografiko bat dagoela euskal ikasleei ezkutatu nahi dietela, Francok 40 urtez egin zuen moduan. PSOEk, PPk bezala, beldur dio Espainiaz duten ideia kolokan jartzen duen edozein gauzari”.
Hezkuntzari buruzko jardunaldia Donostian
Azkenik, agintari abertzaleak Eusko Alkartasunak “Hezkuntzaren erronkak” izenburupean antolaturiko jardunaldia aurkeztu du. Jardunaldia larunbat honetan Donostiako Aquarium-ean egingo da eta bertan Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Saileko hainbat arduradunek eta Generalitateko Hezkuntzako ordezkaritza batek parte hartuko dute.
Ekimen honen helburua hausnarketa lasaia eta sakona egitea da, zarata politiko eta mediatikotik urrun, euskal hezkuntza sistemaren egungo egoerari buruz, bere beharrei, etorkizuneko erronkei eta Kalitatezko Hezkuntza bermatzeko hartu beharreko neurriei buruz.
Jatorria: Eusko Alkartasuna