Lakuari Gurutzeta eta Donostiako Ospitaletako onkologia pediatrikoan azpiegitura eta giza baliabideen arloetan hobekuntzak egin ditzan eskatzen dion Ez Legezko Proposamena onartu du gaur aho batez Legebiltzarrak, gaixoei eta familiei arreta integrala egiten zaiela bermatzeko. EH Bilduk eskaera babestu du eta, Eva Blancoren bidez, aldaketak lehen bait lehen egin ditzala eskatu dio Jaurlaritzari.
Haurren minbizi kasuetako sendatze portzentaiak gero eta altuagoak direlako poza agertu du Blancok, “baina horrek ez du esan nahi ez dagoela hobetu beharrekorik, batez ere arreta integralari, azpiegiturei, antolakuntzari eta herrialde mailan ematen den arretari dagokionean”.
Azpiegitura zein profesionalen ratioetako gabeziak daude esparru horretan, Eusko Legebiltzarreko presidente ordeak esan duenez. Blancok Plangintza Onkologikoa prebentzioan eta arretan aurrera egiteko aukera ezinhobea dela esan du, baina “plangintzak eraginkorrak izan behar dira eta onkologia pediatrikoak urgentziaz konpondu beharreko arazoak ditu”. Horregatik, “legebiltzar taldeek adostutakoa lehen bait lehen betetzeko” deia egin dio Jaurlaritzari.