Eusko Alkartasunatik gogor kritikatu dute Geroa Bairen Gobernuak UPNren politika baztertzaileekin jarraitzea, hizkuntzen ezagutza zigortuz
Eusko Alkartasunaren arabera, “onartezina eta iraingarria” Nafarroako Gobernuak Hezkuntzako oposizioetarako euskarazko plaza kopuruan eman duen atzera pausoa. Alderdiak gogor salatu du erabaki hori, Geroa Bairen taldeak euskarazko 120 plaza atzeratuko dituela ezagutu ostean, Estatuak jarritako helegitearen ondorioz eskaintza moldatu behar izatean. Foru Gobernuak 200 plazako eskaintza egin du, zeintzuen artean gaztelerazko plazak bere osotasunean mantentzen diren, eta aldiz, euskarazkoak nabarmenki murriztu, erdiak atzeratuz”.
Alderdiaren esanetan, “Geroa Bairen Gobernua LEParen inguruan erakusten ari den jarrera UPNren politika baztertzaileen parekoa da, euskarazko irakasleak kaltetuz eta hizkuntza propio baten ezagutza zigortuz”. EAtik adierazi dute, “erabat onartezina” dela aldaketaren Gobernuak “UPNren bidetik jarraitzea, hezkuntzako mahai sektorialaren sindikatuen gehiengoari entzungor; ordua da nafar herritar guztien lan eta hizkuntza eskubideak errespetatzen hasteko, eta beraz, aukera berdintasunaren alde egiteko”.
Halaber, EAtik, zerrenda bakarraren erabakia “zuzentzeko” eskatu diote Gobernuari “eta gutxienez, euskarazko eta gaztelerazko azterketak ordu eta egun berean ez izatea bermatu dezala, irakasle guztiek euren gaitasunak frogatzeko aukera berdinak izan ditzaten”.