Eusko Alkartasuna izaera nazionala duen alderdi politiko independentista eta sozialdemokrata da, bere ibilbide ofiziala 1986ko irailaren 4an Gasteizen hasi zuena. Une hartan EAJren politika kontserbadoreekin eta bere deriba erregionalistarekin ados ez zeuden ehunka militante independentistak proiektu berria abiarazi zuten, berehala sendotu zena eta orduz geroztik euskal politikan parte hartu duena, gobernuen lana baldintzatuz askotan.
Lehenago krisia piztu zuen eta gero Eusko Alkartasunaren sorrera ekarri zuen detonatzailea urte batzuk lehenago bilatu behar da, Anton Ormaza buruzagi abertzale historikoa eta Bermeoko militante talde bat, eta geroxeago Arabako zein Nafarroako hainbat afiliatu ere bai, EAJtik kanporatzeak eragin zituen krisietan, hain zuzen ere. Gainera, 1985ean Eusko Alkartasuna sortzea azkartu zuen gertakari historikoa izan zen: Carlos Garaikoetxea lehendakariak karguari uko egin zion Lurralde Historikoen Legeari zegokion hauteskunde-konpromisoa ez betetzeari ezezkoa eman ziolako, sare instituzional nazional baten hazia izango zen gobernu indartsu baten aldeko apustua egin nahi baitzuen.
Alderdiaren jaiotzaren inguruan polemika bat baino gehiago izan ziren, hala nola, Carlos Garaikoetxeari eginiko entzuketa telefonikoak, Telefonicako presidente Carlos Solchagak aitortuak, eta alderdi berriaren inskripzioa eragozteko EAJren azpijokoa, proiektu berriarentzat aukeratutako lehenengo izena, Eusko Abertzaleak, alegia, EAJk berak erregistratu baitzuen. EAren aurkezpen ofiziala Anoetako Belodromoan, Donostian, egin zen, urriaren 20an.
Jaio eta bi hilabete eta erdira alderdi berriak hauteskunde autonomikoei aurre eginez ekin behar izan zion ibilbide instituzionalari, bere Biltzar eratzailea egiteko denborarik gabe. Biltzarra 1987ko apirilean egin zen Iruñean eta bertan Eusko Alkartasunaren oinarri ideologikoak ezarri ziren.
Eusko Alkartasunaren historia beste modu batez idatziko zen 1986ko hauteskunde autonomikoen ostean sozialistekin koalizio-gobernua osatzeko eta Lehendakaritza eskuratzeko PSEren eskaintza onartu balu. Data hark, ordea, hasiera eman zion koherentziak ezaugarritako ibilbide bati, interes alderdikoietatik urrun. Eusko Alkartasunak PSEri eman zion ezezkoarekin batera EAJren eta sozialisten arteko harreman instituzional luzea hasi zen.
Garai hartan hasi zen Eusko Alkartasunaren ibilbide instituzionalaren barruan kokatu behar da Donostiako eta Gasteizko alkatetzetan eginiko lana, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundian egina ere, Imanol Murua, gogoan dagoen ‘Gipuzkoako alkatea’, ziurrenik garai hartako figura instituzional nagusia izan baitzen.
Alderdiaren bigarren Biltzarrak proiektu abertzalea biziberritzeko oinarriak ezarri zituen eta indar abertzale metaketaren aldeko apustua egin zuen zalantzarik gabe. Agindu horri jarraituz, 1990eko urriko hauteskunde autonomikoen ostean Eusko Alkartasuna batasun abertzaleko Jaurlaritza batean sartu zen EAJrekin eta jada desagertu den EErekin, hiru alderdiek autodeterminazio eskubidearen aldeko adierazpen bat sinatu eta gero. Adierazpen hark, hala ere, ez zuen balio izan, urtebete igaro ondoren, Eusko Alkartasunaren ordezkariak Jaurlaritzatik kanporatzea saihesteko. Izan ere, Herri Batasunak Euskal Herriaren independentziaren aldeko mozioak aurkeztu zituen hainbat udaletxetan eta EAko zinegotziek eta alkateek bat egin zuten aldarrikapenarekin. Garai hartan burujabetzaren alde egin ziren bi proposamenak bere bozekin babestu zituen indar abertzale bakarra izan zen Eusko Alkartasuna, Eusko Legebiltzarrean zein udaletxeetan.
Eusko Alkartasuna Gobernutik atera zen, baina argi eta garbi utzi zuen zein den bere nortasun ikurretariko bat: ideal batzuen alde lan egitea karguei gehiegi atxikita egon gabe. Eta bere kargudunen jokaera, barne kargudunena zein publikoena, arautzen duen Kode Etikoa onartu zuen lehenengo alderdia izan zen.
Eusko Alkartasunak EAEn izandako ibilbide instituzionala eta Nafarroan izandakoa paraleloak izan ziren. Nafarroan gorengo mailara heldu zen PSNrekin eta CDNrekin foru gobernuan sartu zenean, 1995eko hauteskundeen ondoren. Gobernu hartan parte hartzeak Euskal Herriaren politika instituzionalean mugarria izan zen zerbait ekarri zuen, EAEren eta Nafarroaren artean etengabeko lankidetzarako erakundea martxan jarri baitzen.
PSNren ustelkeriaren inguruko eskandaluek gobernu hura bertan behera utzi zuten, agian Euskal Herriaren historia aldatuko zukeen gobernua, hain zuzen. Izan ere, gure historian etapa hartan bakarrik egon da alderdi abertzale berbera Hego Euskal Herriko bi gobernuetan.
Giza eskubideen defentsa ere etengabea izan da Eusko Alkartasunaren lanean. “Con todos los derechos humanos. Salbuespenik gabe” lelopean, kanpaina bat abian jarri zuen Euskal Herriak pairatu dituen indarkeria mota guztien aurkako erabateko oposizioa adierazteko. Euskal Herrira bakea eta normalizazioa ekartzeko antolatu diren foro eta mahai guztietan parte hartu du alderdiak.
2009ko Biltzarrak etapa berri bat ireki zuen Eusko Alkartasunarentzat ez ezik, herri osoarentzat ere, indar abertzaleak batzearen aldeko apustua berritu baitzuen burujabetzarako bideari ekiteko. 2009ko azaroan Eusko Alkartasunak “Euskal Herriaren independentziaren aldeko akordio subiranista aktibatzeko oinarrizko proposamena” aurkeztu zuen. Bertan, gutxieneko akordio batera iristeko oinarri gisa balio izango zuen plataforma bat eratzera deitu zuen, bide politikoak eta baketsuak erabiliz autodeterminazioa eta independentzia gauzatzeko norabidean. Horren ondoren, gertakariak azkartu egin ziren eta hurrengo bi urteetan Euskal Herriaren egungo egoera politikoa ezaugarritzen duten oinarri politikoak ipini ziren: 2010eko ekainean Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak “Lortu Arte” lankidetza estrategikorako akordio historikoa sinatu zuten eta bi aldeek, giza eskubide guztiak errespetatu eta bide politikoak soilik erabili beharra ezinbesteko abiapuntutzat hartuz, independentziaren alde lan egiteko indarrak batzeko konpromisoa hartu zuten. Gero, 2010eko irailean, Gernikako Akordioa sinatu zen; 2011ko hasieran “Euskal Herria Ezkerretik” akordioaren bidez Alternatibak ere Lortu Arte proiektuarekin bat egin zuen eta jada 2012an beste bi itun sinatu ziren, Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak ere bat egin zezaten. Bien bitartean, ETAk ere bere ibilbidea egin eta jarduera armatua amaitutzat eman zuen.
2011ko udal eta foru hauteskundeak test bihurtu ziren, eta agerian utzi zuten gizarteak indar metaketaren estrategia politikoa babesten zuela. Bilduren emaitzak ikaragarri onak izan ziren, eta ondorengo bozketetan ere errepikatu ziren Amaiur eta EH Bildurekin.
Eusko Alkartasunaren zuzendaritza:
- Manuel Ibarrondo Aguirregabiria (1986 – 1987)
- Carlos Garaikoetxea Urriza (1987 – 1999)
- Begoña Errazti Esnal (1999 – 2007)
- Unai Ziarreta Bilbao (2007 – 2009)
- Koldo Amezketa Díaz (2009 – 2009)
- Pello Urizar Karetxe (2009 -2019)
- Eba Blanco de Angulo (2019- )
Sakatu esteka Antolakuntza Araudia ikusteko: ANTOLAKUNTZA ARAUDIA