Europa Kataluniako gatazka normalizatzen saiatzen ari da, Estatuak Torraren inhabilitazioarekin soka tenkatzen jarraitzen duen bitartean
Eusko Alkartasunak Oriol Junqueras berehala aske uzteko exijitu du, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak eurodiputatu gisa hautatzeak immunitatea ematen diola berretsi ostean. Europako Justiziak, berriro ere, Espainiakoaren gabeziak erakutsi dituela azpimarratu du alderdiak, botere politikoen mendeko erakundea dela garbi utzita, Torra president-aren inhabilitazioak erakusten duen bezala.
Europako epaiak agerian utzi du buruzagi katalanen aurkako epaiketa Kataluniako errepublikanismoa baliogabetzeko prozesu interesatua izan zela. Errpublikarren aldarrikapenak erabat oinarri demokratikoa du: herritarrei beren etorkizunari buruz erabakitzeko ahalmena emango dien erreferenduma egitea.
Gaur argitara eman den testuak agerian uzten du, halaber, Madrilgo Gobernuak kargu publikoak izendatu nahi dituela, baina kargu publiko nortasuna herritarren botoengatik dator eta ez Konstituzioaren zina egiteagatik.
Eusko Alkartasunak poza adierazi du epaiarekin, normaltasuna ekartzen baitio politika gutxi eta autoritarismo handiegia duen egoera bati: albiste ona da europeismoaren eta botere banaketaren ikuspuntutik. Espainiako justiziak, ordea, egoera tentsionatzeko bidean jarraitzen du, Torra presidentea inhabilitatuz, Kataluniako herritarrek berea egin duten lazo horiaren sinboloa defendatzeagatik.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren erabakiak ateak irekitzen dizkie Carles Puigdemonti eta Toni Comini, Kataluniako herriak aukeratutako eurodiputatuei. Bere jarduna gainera, Europako Aliantza Libreko taldean egingo dute, Eusko Alkartasunak parte hartzen duen taldean.