Gizartean ´prebentzioaren kultura´ sortzeko beharra dagoela berretsi du Joseba Azkarragak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak eta San Prudencio Fundazioko presidente José Luis Ojeak hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean Gasteizen, laneko arriskuen aurkako prebentziorako neurri-multzo zabal bat abiarazteko.
Ekimen horiek Osalan erakundearen tutoretzapean egingo dira, honako helburuekin: langileak zein enpresa-zuzendariak sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta informatzea; lan-arriskuen prebentziorako prestakuntza zabaltzea langileen, langileen ordezkarien eta prebentzio-koordinatzaileen artean; eta laneko segurtasunaren inguruko programak eta jarduerak bultzatzea.
Horretaz gain, hitzarmenean aurreikusten da arriskuen prebentzioari buruzko proiektu espezifikoak egitea, fundazioko enpresak saiakuntza-banku gisa erabiltzea eta prebentzio zerbitzuko teknikariek eta Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundekoek lankidetzan jardutea.
Sinadura ekitaldian Azkarraga sailburuak aipatu duenez, lan arriskua ez da kontzeptu neutro eta aldaezina, aitzitik, haren dimentsioa eta geroko tratamendua baldintzatzen dituzten aldakien mende dago. ´Horregatik, guztiz beharrezkoa da lan-arriskuen prebentzioaren kultura sustatzea´, adierazi du sailburuak.
Joseba Azkarragak berretsi du beharrezkoa dela ´prebentzioaren kultura´ sustatzea gizartean. Eta hori egin daiteke, bai Euskadiko ikastetxeetan zehar ¾Europako Parlamentuaren laudorioekin¾ une honetan egiten ari dena bezalako kanpainen bidez, bai istripuei aurre egiteko plan orokor edo berezien bitartez: ´Osalanen iritziz, laneko arriskuei aurre egiteko zabalpena, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa ezinbesteko tresnak dira istripuen aurka lan egiteko´, adierazi du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak.
Jatorria: Joseba Azkarraga