Ostalaritza eta turismoak bizi duten egoera larriari konponbideak bilatzeko eta neurriak adosteko sektorearen mahaia deitzeko eskatu dio Uriguenek Eusko Jaurlaritzari gaurko Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran. Ezin dira ostalariak bide bazterrean utzi, esan du Uriguenek eta Jaurlaritzari benetako lidergoa hartzeko eskatu dio, “beste herrialdeetan bezala, neurriak hartu behar ditu”.
EH Bilduko batzarkideak adierazi duenez turismoaren eta ostalaritzaren sektore-mahaia deitzea da erreskate plan integrala egiteko modurik egokiena, “denon ekarpenak jasoz eta adostasunak bilatuz”. Jaurlaritzak du arlo horietan neurriak hartzeko eskumena, gogoratu du Uriguenek bere hitzartzean, eta “horregatik berari eskatu behar zaio sektorearentzat neurri murriztaileak ezartzeko beharra baldin badu (zenbait kasutan hartutako neurriak zalantzazkoak izan daitezke, edozein modutan), irtenbideak ere planteatzea beharrezkoa” dela, beti ere “beste administrazioekin elkarlanean, aldundiekin, udalekin eta, derrigorrez, sektorearekin”.
Edonola ere, EH Bilduren ustez neurriak zeintzuk izan beharko lirateke argi utzi du PPk aurkeztutako ekimenari Uriguenek defendatutako emendakinak: ostalaritzako lokalen alokairuen beherapen orokorrari ekiteko euskarri juridikoa egituratzea, sektorearen galeren konpentsazio ekonomikoa ezartzea, sektoreari laguntzeko lerro iraunkorra sortzea, aldi baterako enplegu-erregulazioan dauden langileentzako osagarria abian jartzea, gutxienez 1.200 euro jasoko dutela bermatzeko, eman gabeko zerbitzuen tasak (ura, terrazak,…) ez kobratzea,…
Edonola, PPren ekimena dagoen arazoari aurre egiteko hankamotz geratzen dela kritikatu du Uriguenek: “Badirudi talde politiko guztiak ados daude egoeraren larritasunean, baina gero benetan planteatzen diren ekimenetan batzuek ez dute benetako apustua erakusten”. Diskurtsotik harago joateko beharra adierazi du EH Bilduko batzarkideak, “benetako errekurtsoak, benetako baliabideak, jarri mahai gainean jarri behar dira”.
Uriguen