Nafarroa-Akitania-Euskadi euroeskualdearen ezohiko bilera deitzeko eskatu dio Foru Gobernuari Maiorga Ramirez, EH Bildu Nafarroako parlamentariak, mugaren bi aldeetako Nafarroako herritarrengan mugak ixteak dituen ondorioak aztertzeko.
Nafarroako bederatzi mugetatik sei itxi dira pandemiaren aurkako neurrien ondorioz, Ramirezek gogorarazi duenez, “mugaren ondoko herrietan bizi direnei kalteak sortuz eta beraien proiektu ekonomiko, bizi eta sozialak aldatuz”. Euroeskualdearen barruan, Nafarroa da neurri horien eragin handiena jasan duen erakundea.
“Estatuen eskumena da mugak ixtea eta irekitzea”, onartu du Ramirezek, baina “euroeskualdeak bilera berezi bat egin dezake bere eskumenekoak diren esparruetan jarduera ekonomiko eta enplegua, adibidez, zer eragin duen ikusteko”.
EH Bilduko ordezkariak ohartarazi duenez, Maria Chiviteren Gobernuari mozioaren bidez eskatuko diote ofizialki koalizioak neurriak hartzeko, kudeaketan aldaketarik ez badago.
Gai zerrendako beste puntu batean, EH Bilduko legebiltzarkideak esan du “onartezina dela etxebizitza hutsak egotea oinarrizko eskubide hori bermatuta ez duten pertsonak dauden bitartean”. Elkarrekin Podemosen interpelazio baten eztabaidan, Ramirezek etxebizitza hutsen errolda egitearen alde egin du, “oso kezkagarria den eta Foru Gobernua konpontzen ari ez den” arazoa azpimarratuz.
Etxebizitzen errolda egiteaz gain, parlamentariak honako proposamenak egin ditu: alokairuen presioa mugatzea eta etxebizitza hutsak alokairuaren merkatura atera daitezen neurri fiskalak sustatzea; Foru Gobernuak etxebizitza hutsak dituzten udalekin lan egitea, errehabilitazioa ekonomikoki bideraezina bada baina sozialki egokia, eta “herritarrek erreskatatu zuten bankuek, dituzten etxebizitza hutsekin gizarteak eman ziena ordaintzen hasi daitezke, horrela, gainera, jendarteak bere garaian egindako ahaleginaren ordaina ematen hasiko ziren”.