Beste urte batez, emakumeen eskubideei buruz hitz egiteko eguna da martxoaren 8a. Eta behin baino gehiagotan esandakoa ez errepikatzea zaila dela ikusten dugu, teorian berdintasunaren auzian aurrerapauso handiak egon diren arren, benetako aurrerapausoak oso gutxi dira.
Legeak emakumeak eta gizonak berdinak garela esan arren, bizitza, egunerokotasuna ezberdina da batzuk et abesteentzat. Eta batzutan zailagoa da hori gaur egun ikustea aurreko hamarkadetan baino, emakumeak duela hainbat urte iristen ez ziren guneetara iritsi direlako egun. Hala ere, aurrerapausorik ez dagoela egi borobila da eta erraza da hori ikustea. Izan ere, aldaketak horren txikiak izanda, estatistiketan (familiaren janaria, haurren etxekolanak, etxearen garbiketa,… eta abar bikote heterosexualean noren ardura diren neurtzen duten estatistikak) ere ez direla ikusten ere.
“Emakumeek aurrera egiten dutenean, gizarteak ere aurrera egiten du” lema hautatu du Eusko Alkartasunak aurtengo Emakumearen Egunerako. Izan ere, egun, 2017an ere, feminismoa berdintasuna dela azaldu behar baita. Berdintasuna eta generoan oinarria duen inolako hierarkiaren kontrako borroka hain zuzen ere.
Emakumeak gizartearen arlo guztietan sartzen diren heinean, berdintasuna dagoenaren irudia zabaldu egiten da, eta feminismoaren bandera hartzen dutenei erradikalak direla esaten zaie, “feminazi”ak deitu. Azken hori beren eskubideen alde borrokan egiten dutenen alde gehien zabaldu den iraina da.
Horregatik, borroka feminista ez dela inoren kontrakoa gogoratu beharra dago. Are gutxiago gizonen kontra, gizonak kolektibo guztiak hartuta. Helburu bakarra gizarte justuagoa eraikitzea da. Egia da, hala ere, gizonak, bai talde bezala baita norbanako bezala, dituzten pribilegioak galdu beharko dituztela.
Emakumeek aurrera egiteko mugimenduak gizartearen eta ekonomia sistemaren aldaketa behar du. Zaintza lanak –umeak, gazteak, gaixoak eta pertsona edadetuak- beti emakumeen gain egotea da kapitalismoaren oinarrietako bat, eta ez dago sistemarik lan hori diruz ordaindu dezakeenik.
Errotik aldatu behar da hori, beste gauza batzuk aldatu behar diren bezala, noski. Gizon eta emakumeen soldaten arteko amildegia desagertuko balitz ere eta emakumeek etxera itzulitakoan diruz ordaintzen ez den lan hori egiten jarraitu beharko balute, egungo egoera bere horretan mantenduko litzateke.
Hain zuzen ere horregatik, feminismoak edozein hierarkiaren aurka egiten du. Mendebaldeko emakume bat lan egiteko etxetik ateratzen denean, emakume migranteak dira bere lekua hartzen dutenak, umeak edo gurasoak zaintzeko, eta ez lan egiten duen andrearen bikoteak. Emakume migrante horrek, ordea, norekin uzten ditu seme-alabak? Ziurrenik bere ama edo amonarekin, emakumeen papera iraunarazten duen errota elikatuz.
Ezinezkoa da berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutako gizartea lortzea aipatutako errealitateko hainbat oinarrietan aldaketarik ematen ez bada. Aldaketa horiek emakumeak diskriminazio eta biolentziarik gabeko errealitate batean bizitzea ahalbidetuko dute, aske eta eskubide guztiak bermaturik dituzten errealitatean, hain zuzen ere. Horretarako, bakoitzak aldaketa handi edo txikiak egin behar ditu, baina erakundeen inplikazioa ere beharrezkoa da, zeintzuk askotan desberdintasun egoera bortitzen aurrean mutu eta itsu direla diruditen. Politika instituzionalean inplikazioa aurrekontuetan gorpuzten da. Oraindik garaiz gaude.