IKERNE BADIOLA PPko sektore ultrak asetzea bakarrik bilatzen duen espetxe politika elikatzea egotzi dio Ikerne Badiolak espainiar Gobernuari.

EAko Komunikazio idazkari Ikerne Badiolak Auzitegi Konstituzionalak Parot doktrina babestu izana salatu du, eta horrek ETAko presoekiko injustizia argia sendotzea dakarrela adierazi du, “ETAren jardueraren amaieraren ostean erabat justifikaezinak diren salbuespenezko neurriak ezartzen baitira”.

Badiolaren iritziz, PPren Gobernua espetxe politika bortitza elikatzen ari da bere hautesle ultrak asetzeko eta normalizazio politikorako bidea oztopatzeko. EAko buruzagiak Aieteko Adierazpenak biltzen dituen gomendioak aintzat har ditzala eskatu dio Rajoyri, desarmeari eta presoen egoerari heltzeko Gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketarako bide bat ireki dezan.

Azkenik, Komunikazio idazkariak dispertsioa bertan behera uzteko, gaixo dauden eta zigorraren hiru laurdenak bete dituzten presoak askatzeko eta Parot doktrina baliogabetzeko eskatu du berriro ere.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA