“Espainiako estatuak aldatzeko aukera badu, bertan dauden herrien eskutik izango da. Horietatik abiatuta bakarrik emango da demokratizazio pausua Espainiar Estatuan”. Horixe adierazi du gaur Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak ETB1eko “Egun on, Euskadi” saioan egindako elkarrizketan. Diadaren egunean, Kataluniako alderdi independentistek XXI. menderako pentsatutako proiektua dutela esan du, “gatazka politikoa negoziaketa eta bide politikoen bitartez konpontzea”, alegia, bide demokratiko, baketsu eta politikoak soilik erabiliz.
Subiranotasunaren bidean dauden Katalunia edo Euskal Herria bezalako herri txikiek, “egoera konkretua sortu arte lanean jarraitu behar” dutela esan du EAko idazkari nagusiak, eta sarri nazioartean itxaropen gehiegi jartzen direla uste badu ere, “politika interes jokoa da eta testuingurua aldatzen denean, interesak ere; historian hori gertatu izan da, beraz egoera aproposa heldu egingo da”.
Espainiar estatuak arazo bat daukala deritzo Urizarrek, “ez baitu errealitatea zein den onartzen, Katalunian arazoa du baina Estatuaren egitura bera ere zalantzan dago eta partxeoekin aurrera egiten badute, etorkizunean arazoak jarraituko du”. Pedro Sánchezen Gobernuarekin kritiko agertu da EH Bilduko legebiltzarkideak “Rajoy kaleratzeko apustua ondo atera eta gero, PSOE hauteskunde orokorretarako prestatzen” ari delako beste ezeren gainetik.
Autogobernu Ponentzia
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu ponentzian lortu den dokumentuaren inguruan babes handiagoa lortzeari buruz, EH Bilduk “beti akordio zabalena, kontsensurik handienak lortzeko borondatea” erakutsi duela gogoratu du, “baina horretarako eseri eta dagoen testuaren gainean hitz egin eta eztabaidatzeko nahia agertu behar da”. Marra gorria “euskal gizarteak berea bezala hartzen duen erabakitzeko eskubidean” dagoela onartu du: “akats larria litzateke hori akordiotik kanpo uztea”.
Aurrekontuei buruz EAJrekin hitz egiteko prestutasuna ere agertu du Urizarrek. Beti ere aurrekontuak eszenategi osoaren zati bat baino ez direla gogoratuta, “eskua luzatzen ari gara, egoera bere osotasunean aztertu eta herri ikuspegitik abiatuta akordioak lortzeko. Ezin dena da esan ´aurrekontuak bai, baina beste guztia, ez´”.