Eusko Alkartasunako Idazkari Nagusi Pello Urizar Onda Vasca irratiko “Euskadi Hoy” saioan elkarrizketatua izan da, eta bertan Andoaineko bi preso ohiri eginiko ongietorri ekitaldia izan da hizpide nagusi
Pello Urizarrek adierazi du elkarbizitza eta bakegintza arloan euskal gizartea dela aurrera begira dabilena, eman behar ditugun urratsak erakutsiz. Artean, alderdi politikoek sarriegi begiratzen dute atzera, Euskal Herriko gatazkak eragindako minak bereganatu nahiez.
Ongietorri bat eta omenaldi bat oso gauza ezberdina direla ere azaldu du Urizarrek. “ongietorri ekitaldi batean senide eta lagunaren askatasuna ospatzen da. Omenaldiak pertsona hauek kartzelan sartu zituzten ekintzak txalotzen dira aldiz, eta nik dakidala, Andoainen ez zen horrelakorik gertatu. Gizalegezkoa da poztea gertuko bat kartzelatik irteteten denean, eta gizalegezkoa da benetako bergizarteratze prozesu baten laguntzea”.
“Eusko Alkartasunatik beti gaitzetsi izan dugu bortizkeria, edonondik datorrela, eta era berean eskubide guztiak pertsona guztientzat aldarrikatu ditugu; EArentzat nahitaezkoa den premisa elkarkidetzarako oinarriak jartzean, eta nahitaezko baldintza gai honetan aurrera egiteko. Ez da lege edo zilegitasun kontua, errespetu eta elkartasun kontua baizik. Pagazaurtundua familiarekiko begirunetik, ulertzen dugu biktima oroko duela justizia, egia eta erreparaziorako eskubidea, baina batez ere berriro ez errepikatzeko eskubidea, hori baita etorkizunera begira jartzen gaituena”.
“Argi dugu aparte bizitzetik, parez pare bizitzera igaro behar dugula, eta horretarako ezinbestekoa da zubiak eraikitzea. Hori bai, zubigintza lan horretan, gizartearen erritmoak errespetatu behar dira, postura bakoitzaren momentuak irakurriz. Akaso hori da Andoainen eman zen pauso okerra. Alderdi politiko gisa, guri tokatzen zaigu aurrerapauso horiek indartzea, eta ez urte luzeegitan itolarrian izan gaituen egoerara burua bueltatzea etengabe”.