Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak EAJk Kontzertu Politikoari buruz egindako proposamena baloratu du gaur: “gai horretan euskal gizartearen borondateak ezarri behar ditu marra gorriak”.

Onda Vasca irrati katean elkarrizketatu dute Urizar eta bertan azpimarratu duenez Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko erabakia ezin da Estatuarekin konpartitu. Bi arrazoi eman ditu horretarako: subiranotasuna euskal gizartean datzala eta estatuak ez duela berdinen arteko harremana garatzeko borondaterik. Gainera, “erabakitzeko eskubidearen atorpenik gabe, ezinezkoa da guzti hori”.

Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak ironia baliatu du jeltzaleen proposamena baloratzeko: “sarriegi entzuten dugu EAJren ahotik konpartitua hitza: orain erabaki konpartitua da, lehen subiranotasun konpartitua”. Urizarrek argi utzi du “ez dagoela zer konpartitzerik: subiranotasuna herri honi dagokio”.

Horrelako prozesu bat modu bi aldeen arteko negoziaketaren bidez kudeatzea aukerarik onena dela aitortu du Urizarrek: “baina hasierako akatsa da subiranotasuna edo erabakia konpartitua izango denaren ideia, subiranotasuna Euskal Herriarena baita”.

Presoak

EAJk presoen inguruan sortu duen polemikari buru zere hitz egin du Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak, eta kezkatuta dagoela aitortu du. “Espainiako Gobernuak naturaltzat jotzen duen salbuespen legedia legitimatzen du EAJk. Legearen arabera, presoek etxetik hurbilen dagoen espetxean egon behar dira, baina Espainiako Gobernuak salbuespen politika garatzen ari da, garaile eta garaituen politika, eta EAJk onartu egiten du”.

Ziurrenik, esan du Urizarrek, “alde guztiek gehiago egin dezakete, baina alde bat gehiago egiten ari da, eta laguntzen ari diren nazioarteko indarren esandakoari kasu egiten diote, besteak ez du ezer egin”.