Eusko Alkartasunako idazkari Pello Urizarrek gaur goizean, Azpeitiako alkartetxearen inaugurazioan, aditzera eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak duen “kudeaketa eredua” beste Euskal Herriko beste herrialdeetara “esportatu” behar dela. Urizarrek esan du Euskal Herrian “bi eredu kontrajarrien arteko talka dagoela: segiziozaletasunean oinarritutako eredua eta, bere aurrean, herritarren gidaritzarekin gauzatu nahi den gobernu gardenaren eredua daude”.
Zentzu honetan, EAko idazkari nagusiak onartu du “bi eredu horien arteko talka gero eta nabariagoa dela Gipuzkoan”. “Bildu Gipuzkoako Foru Aldundira eta herrialdeko udal gehienetara iritsi zenean, helburu argi batekin egin zuen: alfonbrak altxatu eta aurreko kudeatzaileek estali nahi izan zutena azaleratu egin nahi izan du koalizioak. Noski, erabaki horrek zenbaitzuk haserretu ditu; badago antzinako erregimen politikoa mantendu nahi duenik, zeinetan botere politikoa elite batzuen eskuetan dagoen, beren interesak lehenik eta gizartearenak bigarren tokian hase nahi dituzten botere politikoak”. Urizarrek gaineratu du badirela Euskal Herrian zenbait alderdi gizartearen % 1aren alde bakarrik egiten dutenak, “gizartearen %99ak krisiaren efektuak pairatzen duen bitartean”. “Gizartearen gehiengo horretarako politikak finkatu behar dira”, adierazi du.
Urizarrek baieztatu du EH Bilduren apustua “lehentasunak finkatzea” dela, “krisiaren ondorioei aurre egitea, lanpostuak sortuz eta ongizatearen sistema publikoa bermatuz”. EAko idazkari nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren kudeaketa goraipatu du eta esan du “beste herrialdeek jarraitu beharreko eredua dela”. Urizarren ustez Foru Aldundiak gizartearen %99 horren alde lan egiten duela demostratu du, besteak beste, bere zerga politika -legegintzaldi honetan zerga iruzurretik eratorritako 1.500 milioi euro azaleratu ditu- eta gizarte politikengatik -Gipuzkoa murrizketarik gabeko herrialdearen alde lan egin du Aldundiak-. “Gaur egun, gizarteak gardentasuna eskatzen duen momentu honetan, eta opakutasuna bakarrik eskaintzen duten alderdien aurrean, berebiziko garrantzia dauka EH Bilduk datorren hauteskundeetan gehiengo zabal lortzea Gipuzkoan Gobernua errepikatzeko, Nafarroan aldaketa ahalbidetzeko eta Bizkaian eta Araban ondo indarrezko posizioetan egoteko”, azaldu du Urizarrek, eta gaineratu du EAk lanean jarraituko duela hori horrela izan dadin.
“Gutxiengo baten aldeko” politikak
Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak EAJk Gipuzkoan egindako azken planteamendu politikoak kritikatu ditu: “Zer da Markel Olanok eta Eneko Goiak gipuzkoar gizarteari eskaintzen diotena? Errausgailuaren proiektua berriro ezarri? Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga kentzea? Zergatik bozkatu zuen EAJk, PSE-rekin batera, Bidegiren inguruko ikerketa batzorde bat sortzearen aurka? Galdera guzti hauetaz gainera, Eusko Alkartasunatik beste berri bat egiten dugu: Noren onurako dira EAJren proposamen eta jarrera horiek?”, galdetu du Urizarrek eta gaineratu du argi daukala halakoek ez dutela gipuzkoarren onura bilatzen, “beraien inguruko gutxi batzuena baizik”. Zentzu honetan, Urizarrek esan du “alderdi politiko batek ezin dela inoiz bere posizio instituzionalaz baliatu opakuak diren jarduerak aurrera eramateko”.