Guztia pertsonek egiten dugu.
Pertsonok hartzen ditugu erabakiak, pertsonok ematen dugu lehen urratsa, eta pertsonok ematen diogu amaiera ibilbide bati.
Egiten jarraitzeko baina, erreferenteak behar ditugu; gurea bidean aitzindari izan zirenen erreferentzialtasuna; guk bizi duguna aurretik bizi izan dutenen bizipena; gure pentsamendua zizelkatu zutenen harria. Pertsona hauen historiak berreskuratuz, gure Herrien historia ere berreskuratzen baitugu.
Izan ere, gure Herriaren historia ezabatzeko lan handia egin du jende handi askok, baina pertsona apal baina duinei esker, biziraun du guregana heldu arte. Orain guri dagokigu historia zati guzti horien memoria bizia izatea, historia puska guzti horiekin gure Historia osatzea, eta historia horretan oinarrituta gure etorkizuna eraikitzea.
1939ko otsailak 5ean Jose Antonio Agirre Lehendakariak eta Lluís Companys Presidentak erbesterako bidea hartu zuten, atzerritik beraien Herriak gobernatzen jarraitzeko. Ia 80 urteren ondoren, Kataluniako Govern erdia kartzelaratua dago, eta beste erdia deserrian.
1973ko irailak 11an Pinochet militar golpistak Txileko presidente zenaren egoitza bonbardatu zuen, eta hurrengo egunean, milaka pertsona atxilotu eta Santiagoko futbol zelaira eraman zituzten. Bertan asko eta asko torturatu, desagerrarazi edota erail zituzten. Haietako bat Víctor Jara irakasle eta abeslari komunista izan zen. 45 urte luzetan, Txileko herriak Víctor Jararen memoria bizirik mantendu du, eta justizia aldarrikatu. Eta heldu da; 45 urte luzeren ostean, 8 militarren aurkako sententzia luzatu du epaileak. Senideek hurrengoa adierazi dute: “Porrot garrantzitsua da historia ukatu nahi digutenentzat”.
1976ko martxoak 3an langileriaren aurka inoiz Gasteizko hiriak jasandako erasorik bortitzenaz, espainiar poliziak 5 pertsona hil zituen eta ehunka zauritu frankismoaren azken hatsetan. Martín Villa ministro frankistaren agindua izanagatik, oraindik ez da inor epaitua izan sarraski honengatik. Gasteizek ez ditu 5 lagun horiek ahazten, eta duintasunez daramatza bere memorian. Aste honetan Martxoak 3 erakundeko hainbat kide Europar Parlamentuan izan dira, Justizia eskatuz eta Historia berreskuratuz. Etorriko da, eusten badiogu, gogoratzen baditugu, gure historia kontatzen badugu.
1978ko uztailak 8an, San Ferminetako jaien pil-pilean, jendez lepo zegoen zezen plazara sartu zen polizia agindu zehatz honekin: “Salid a la plaza y tirad lo más fuerte que podaís, que no os importe matar”. Eta ez zitzaien axola izan Germán Rodríguez gaztea tiroz akabatzea. 40 urte geroago, Iruñako udaletxe plaza bete dugu. Germán gogoan, inpunitatea gure bizitzetatik atera nahi dugula argi esanez, eta beste behin ere, memoriari eusten badiogu, etorriko den justizia eskatuz.
Horrelako hamaika kasu daude gure pertsonetan, gure herrietan. Batzuk eusten ditugu, baina tamalez beste asko isilaraziak dira. Edo txarrago dena, beste memoria bat inposatu nahi digute; zergatik gogoratzen dugu denok uztailak 18? zergatik dakigu SanJurjo eta Molaren hezurrez baina ez bide-bazterretan daudenenez? zergatik Francoren dukatua ez dago kadukatua?
Gaur egun behar beharrezkoa zaigu hausnarketa sakona egitea, eta ohartaraztea gutako bakoitzak gure pertsonen memoriari eusteko zer egiten dugun. Izan ere, pertsona oro, bere historia zatiarekin, Gure Historiaren zati da, eta pertsona guzti hauek daukate isildua izan den historia. Bada, historia puska hauek berreskuratzen, Historia egiten arituko gara.
Horrengatik guztiagatik beharrezkoa da Memoria Historikoaren Legea edota Erreparazioaren legeari bultzada ematea. Horrela itxi ahal izango baitugu historiaren kapitulua, eta etorkizunaren kapitulua idazteari ekin.
Iria Epalza Markoartu
Eusko Alkartasunako Komunikazio Idazkaria