Manex PAGOLA – EAko hautagaia Hazparneko kantonamenduan
Nola joan da hauteskunde kanpaina?
Oso atsegina izan da, baina ez dugu aski denborarik izan jendearekin egoteko. Oso gaizki dagoen pertsona batekin nintzen orain, bere aita eta lana galdu dituen herritar batekin. Oso desesperatua zegoen, eta ez dut denbora gehiegirik izan berarekin egoteko. Herritarrekin kontaktua izatea maite dut. Kanpainan ez dugu jende gehiegirik ikusi herri txikietan, baina bai Hazparnen. Hedabideen aldetik, berriz, oso balantze txarra egiten dut. Dena egina dago Coumet jauna pasatzeko. Guk horien ideia positiboak ere ditugu, baita gehiago ere. Baina gu ez gara aipatuak izaten.
Zer proposatzen du EAk Hazparneko kantonamenduan?
Dena hobetzea, baina Euskal Herri osoaren ikuspegiarekin. Populua garela eta populu gisa bizitzeko eskubidea dugula ohartarazi behar diogu hemengo jendeari, nazio bat garela. Hori erraten duen bakarra izango naiz, Batasunekoekin batera, hots, hemengo plataformaren izenean aurkeztu den jendearekin batera.
Nola ikusten duzue abertzaleen arteko zatiketa?
Guk elkarrekin joan nahi genuen, baita Batasunak ere. Abertzaleen Batasunean batzuek nahi zuten eta beste batzuek ez. PNBk ere atzera egin zuen. Uste dut hori pasarte gaizto bat izan dela, eta igaroko dela. Uste dut noizbait elkarrekin eginen dugula lan. Gu osoki koalizioaren aldekoak gara, ez dut besterik sinesten. Herri honetan koalizioak egiten jakin behar dugu, gure arteko diferentziak aztertu eta haien gainetik igaroz.
Nolako jarrera izango duzue bigarren itzulian?
Bistan dena, ez dugu botoa eskatuko, gizarteari dagokionez, eskuinean den inongo hautagairentzat, erdi abertzalea edo euskaltzalea bada ere. Euskaltzale izatea ez da nahikoa. Orokorrean, ikusiko dugu zer gertatzen den Donibane Garazin eta Baiona ekialdean, hor gerta baitaitezke gauza handienak. Astelehen gauean bilduko gara, eta ABrekin eta Batasunarekin beharbada postura komun bat hartuko dugu. Emaitzak nola diren ikusi behar dugu lehenik. Dena dela, bigarren itzulian abertzalerik baldin badago, saiatuko gara haren alde botoa ematen, betiere, gure orientazio sozialean baldin badago.
Akitania eskualdeko hauteskundeei dagokienez, PS eta PRG alderdiekin batera doazen Berdeen aldeko botoa eskatu duzue. Zergaitik?
Badakigu Berdeak Roussetekin joango direla, baina nahiago dugu ezkerreko programa eskuinekoa baino. Presoen aldeko kanpainari dagokionez, une berean diogu, askotan eskatu dugun bezala, presoak hurbiltzearen alde gaudela.
Jatorria: Manex Pagola