SNP Eskozian garatzen ari den subiranotasunaren aldeko bideorria posible balitz, hobeto egongo ginateke. Eusko Alkartasuna eta Alex Salmonden SNP bazkideak dira Europan duela urte asko, biak Europako Elkargo Librearen kideak baitira eta subiranotasunerako egin beharreko bideari buruzko ideia berdintsua dute. Dena den, eta SNPren proiektua konpartitu arren, Euskal Herria eta Eskozia independentziara eramango duten bideak ezberdinak izango direla uste dugu, tamalez.
Inbidiaz eta errealismoz begiratzen diogu Euskal Herritik Eskoziako egoerari. Inbidiaz, Estatu espainolean subiranotasun prozesu adostua ia ezinezkoa dela oso argi dugulako. Errealismoarekin, ez dugulako uste Britaniar Gobernuaren jarrera ere goraipatu behar denik: Londresek ez die gehiegizko laguntzarik eman ez eskoziar gizarteari ezta SNPko gure kideei ere. Eta prozesuak aurrera egiten duen heinean, galdeketaren eguna hurbiltzen den heinean, Erresuma Batuak eskoziar Gobernuari egiten dion presioa handituz doa ere, jendartearen bozka baldintzatu nahian.
Eskoziakoa ez da bide erraza, ez, baina subiranotasunerako oso ondo pentsatu eta garatutako bidea da. Lehenengo, SNPk hauteskunde programa independentista eskaini zion gizarteari eta gehiengo absolutua lortu. Eta jarraian, Londres seduzitzeko edo antzeko ahaleginetan alferrikako denbora galdu gabe, prozesuari hasiera eman zion. Zer gehiago behar zuen ba? Gizartearen babesa lortua zuen dagoeneko.
Gardentasuna izan da SNPk bidean izan duen aliaturik baliotsuenetakoa: hauteskundeak baino lehen agindutakoa baino ez du egin eta gizartearekin batera gainera. Eskoziako Gobernuak independentziak zer esan nahi duen eta hiritar bakoitzari zer ekarriko dion azaldu du azken kezka edo zalantza argitu arte. Agindutakoa beteta eta gizartea informatuta dagoela, erabakia eskoziarren esku dago orain.
Eskoziako subiranotasunerako bidea bikaina dela deritzogu Eusko Alkartasunan. Hala ere, berriro diot zaila iruditzen zaidala Euskal Herrian bide berdina errepikatzea, eta ez abertzaleon borondate faltagatik, baizik eta Estatuak adostutako bideari ateak itxiko dizkiolako, Kataluniarekiko jarrerak iragartzen duen bezala.
Subiranotasunerako bidea egungo ordenamendu juridikotik abiatu behar dela uste izan dugu beti Eusko Alkartasunan, bera garatzearen ondorio izan behar dela. Horrekin batera Estatuarekin negoziazio politikoari ekin beharko zaio, bere gain Euskal Herriak berezkoa duen erabakitzeko eskubidea hartuko duen Konstituzioa lortzeko. Baina porrot egindako esperientziek eta Estatuaren jarrera kontutan izanda, gero eta argiago dugu Euskal Herriaren independentzia gizartearen babesa duen aldebakarreko aitorpenetik etorriko dela. Horrek ez du esan nahi Estatuarekin negoziatzeko ahaleginik ez dugula egingo.
Duela asko bagenekien Espainiako Gobernuaren jarrera ez zela “normala” eta Eskoziako prozesuaren ondorioz uste hori konfirmatu dugu. Eskoziak, SNPk, egindakoak Europar Batasunaren barruan subiranotasunerako bidea egin daitekeela erakutsi du. Estatu espainolaren amaigabeko ezezkoaren arrazoia demokrazia ezari erantzuten diola erakutsi du. XXI. mendean gobernuek gizartearen nahiari bide ematea d anormalena, Estatu espainolaren jarrera da salbuespena. Demokrazia beste ezeren gainetik jartzea da araua. Horrela aitortzen dute Erresuma Batuan, adibidez.
Esan bezala, galdeketaren eguna hurbildu ahala, Londresek bere mezua gogortu egingo du gizartearen erabakia baldintzatzeko. Baina hori ere euskaldunok dugunetik urrun baino urrunago dago, azken erabakia eskoziarren esku dagoelako.
Dirudienez zerbaitetan ados daude Madril eta Londres, izan ere biek Europa erabiliko dute gizartea presionatzeko eta independentziaren kontra. Mehatxua erabiltzen dute Europar Batasuneko hiritarrak direnak Batasunetik kanpo geratzeko arriskuaz hitz egiten dutenean. Eta mamirik gabeko mehatxua gainera. Kosovoren independentzia eta aitorpenari buruzko jarrera ezberdinek hala erakusten dute: ez zen dokumentu ofizialik egon eta estatu bakoitzak bere erabakia hartu zuen. Aitorpenaren kontrakoen artean (ez dugu, ez, zorte onik) Estatu espainola dago, noski.
Nazioen independentziari buruzko oso gutxi idatzi eta ofizialdu du Europar Batasunak, eta oso logikoa da estatuen batasuna delako. Hala ere, kontutan hartu behar da 1980az geroztik independizatu ziren estatuek osatzen dutela egungo Europar Batasuna, eta nahiko absurdoa litzateke horiek beste nazio baten independentziaren kontrakoak izatea.
Baina honetan ere, gauza gehienetan bezala, ibili ahala egiten da bidea. Eta Eusko Alkartasunatik interes handiz begiratzen dugu SNPko lagunek hasitako bidea, guk ere lehen baino lehen bide hori egiteko asmoarekin.
Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusia