Positibotzat jo du Eusko Alkartasunak Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidente berrautatzea, eta datozen urteetan, erakundearen sendotzearekin batera, EAErekin eta Nafarroarekin harremanak normalizatzea eta estutzea espero duela adierazi du.

Alderdi subiranistaren ustez, politika egiteko modu bati babesa adierazi dio Etchegaray aurkako botorik gabe berrautatzeak eta eredu hori, indar anitzen arteko elkarlana, Euskal Herriko hegoaldera ere eramatearen aldeko apustua egin du: “Bere lehendakariaren eskutik, Elkargoak iparraldeko hiru herrialdeentzat oso garrantzitsuak diren gaiak landu ditu, hala nola euskara, bakegintza eta bizikidetza, eta, are garrantzitsuagoa dena, ezberdinen arteko adostasunak bilatuz eta alderdien interesak gaindituz egin du”.

Lehenengo hiru urteen ondoren, erakundearen sendotzea etorri behar da, are gehiago eratu zenetik oso ondo lan egin duela kontutan izanda. Hala, etorkizunean EAEko erakundeen eta Elkargoaren arteko lankidetza estuagoa egongo dela espero du Eusko Alkartasunak. Orain arte hori ez da posible izan, Urkulluren Gobernuak erakunde berriarekiko distantzia jarri nahi izan duelako.

Argi dago pandemiak eragindako krisi-egoera globalean, bi erakundeen arteko lankidetzari esker naturalak diren gune komunak baliatu ahal izango liratekeela ekonomia, kultura, industria edo garraio arloetan.
etch
etch2
Etch 1