Madrilgo PPren Gobernuak egindako murrizketak baloratu dituzte Unai Ziarretak, Maribi Ugarteburuk, Rebeka Uberak eta Oskar Matutek.

PPren Espainiako Gobernuak murrizketa sorta luzea onartu du gaur. Horien artean azpimarratu behar dira langabeziagatiko prestazioaren jaitsiera, BEZaren igoera, menpekotasun legean egindako murrizketak, kontratazioengatiko hobariak kentzea eta zinegotzi kopuruaren murrizketa.

Hau da, PPk urratsa eman du bere herri ikuspegia inposatzeko, zentralismoan sakonduz eta aldez aurretik pentsatutako sistema publikoaren eta ongizate estatuaren desegitea gauzatuz.

Gaur onartu diren murrizketek Zapatero jaunaren PSOEren aurreko gobernuak zein Rajoyren gobernuak orain arte hartutako bidean sakontzea dakar. Langileen aurka, azken baten herritar guztien aurka, hartu diren neurrien jarraipen hutsa dira. Herritar horiek ez daukate zerikusirik krisiaren sorrerarekin, baina orain, murrizketak bata bestearen atzean pairatu behar dituzte.

Espainiako gobernu ezberdinek izan duten murrizketen dinamika areagotu egin da Espainiako bankaren eta, beraz, Espainiako Estatuaren erreskatearen ostean,. Europako batasunak murrizketa berriak inposatu dizkio Espainiari, merkatuaren eta Merkel andereraren eskaerak asetzeko, defizitaren murriztea aitzaki bezala jarrita. Izan ere, Madrilgo Gobernuak indarrean jartzen duen politika ekonomikoa Bruselan edo Berlinen erabakitzen da, Europako Batasunak eta Europako banku Zentralak erabat interbentua dutelako Espainiako estatua.

Neurri horiek guztiak onartzearen jatorria mundu mailako krisi batean dago, baina krisi hori eragiten dutenak dira finantza desregulazioan eta iraunkorrak ez diren politiketan oinarritzen diren politika neoliberalak; horri gaineratu behar zaizkio garai ekonomiko onetan Espainiako estatuan indarrean jarri ziren politika negargarriak, azpiegitura handietan egin zuten diru-xahutze izugarria, ustelkeria, higiezinen burbuila…

Eta egoera larri honen aurrean, proposatzen duten konponbidea da diru kopuru izugarriak xahutu dituztenei, finantza sistemari, diru publikoa, herritar guztion dirua, ematea; eta, aldi berean, herritarroi beharrezkoak zaizkigun zerbitzu publikoak kentzea edo pribatizatzea edota eskubide sozialak murriztea.

Ekonomiarik ahulenak zigortzen dira, pentsiodunak eta langabeak. Eta herritar orori, soldata handienak eta txikienak dituztenei, eragiten diguten neurriak inposatzen dira: BEZaren igoera, esaterako, errenta mailaren irizpidea kontuan izan gabe; hau da, gehien dutenek ekarpenik handiena egitea, egoera honetatik irten ahal izateko. Egoera honetatik irteteko guztiok ahalegina egin behar dugula esaten ari zaizkigu, baina zenbait gauza ikutzeko prest ez daudela agerian uzten ari dira: fortuna handiak, finantza espekulazioa, gastu militarrak, koroa….

Argi eta garbi esan beharra dago: krisi honek baditu bere erantzuleak. Eta horiek izen-abizenak dituzte: Aznar, Zapatero, Rajoy, Rubalcaba, Rato, Botin, Ackermann finantza sistema… Beraz, EH Bildutik erantzukizunak exijitzen ditugu eta egindako kaltea konpontzea.

Alemaniako bankaren eta Espainiako patronalaren agindupean gure herrian indarrean jartzen diren politikek ondorio oso kaltegarriak izango dituzte: langabezia datu oso kezkagarriak, lan-baldintzetan prekarizazio handiagoa kaleratzeak errazteko neurrien ondorioz, industriaren eraispena, hezkuntza eta osasuna bezalako oinarrizko zerbitzuetan murrizketak, edota premia larrienak dituztenak babesteko neurrien eraispena.

Gainera, PPk bere ADNan daukan dena zentralizatzeko asmoa hazi egin da, estatu osoa Moncloatik gidatu nahi duelako, batez ere udalen autonomiari eraginez.

Zentzu horretan, Patxi Lopezen Jaurlaritzak eta Barcina anderearen UPNren Nafarroako gobernuak eta EAJk, neurri horiek ezarriko dituzte, herritarrek bestelako politika batzuk indarrean jartzea eskatzen ari diren arren. Alderdi horiek, PP-UPN-k, PSE-k eta EAJ-k, sinestarazi nahi digute egoera larri honetara eraman gaituzten politikek aterako digutela orain gauden putzu beltzetik.

Ezta gutxiago ere. Finantza sektoreei eta bankari kontrolik gabe aritzea ahalbidetzen zieten politika neoliberalek, baliabide publikoak xahutzeko politikek eta higiezinen burbuilak eraginda, langileek, emakumeek, gazteek eta pentsiodunek krisi globalaren ondorioak pairatu beharko dituzte. Eta egoera honetara ekarri gaituzten politika berberekin jarraitzeak agerian uzten du beraien helburu bakarra dela kapitalaren eta finantza sistemaren neurrira egindako sistemari eustea, beti ere herritarren kolkora.

Espainia Euskal Herriarentzat ta euskal gizartearentzat zama latza da.Rajoy eta Rubalcaba eta haien menpe dauden Lopez eta Barcina bezalakoen gaitasun faltagatik ezin gara arrastaka ibili. Euskal Herriaren unea iritsi da.

Horregatik guztiagatik, gaur inoiz baino indar handiagoarekin gure burujabetza politikoa eta ekonomikoa aldarrikatzen dugu EH Bildutik, gure herriko herritarren beharretara egokitzen diren politikak indarrean jarri ahal izateko.

Zentzu horretan, bankaren erreskateen eta langileei kalte egiten dieten murrizketa basatien aurrean, oinarrizko zerbitzu publikoak mantentzea eta indartzea edota premia larrienak dituztenei estaldura publikoak mantentzea aldarrikatzen dugu EH Bildutik.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna